Garoa martinez, Europako Txapelketan hamargarren
Bi jardueratan parte hartu du Garoa Martinez bermeotarrak Europako halterofilia Txapelketan, eta hamargarren amaitu du. Lorpenagaz "pozik" egon arren, "zertxobait hobeto" ibiltzea espero izan du.
Garoa Martinez bermeotarrak Europako halterofilia Txapelketan parte hartu zuen martitzenean, hilaren 31n. Martinezek emakumezkoen absolutu kategorian parte hartu zuen Albaniako hiriburu Tiranan egindako lehiaketan, eta hamargarren postua eskuratu zuen, kontinenteko atletarik onenen pare ibiliz. Ez da lehendabiziko aldia Bermeokoa Europako Txapelketan goiko kotan dabilena; izan ere, iaz hamalaugarren sailkatzea lortu zuen, eta, hortaz, orduko marka hobetu egin du aurten. “Oso pozik nago lortutakoaz: batetik, iazko erregistroa dezente hobetu dut, hamahiru kilo gehiago altxatu baititut; bestetik, brontzezko domina oso hurre egon da eta, beraz, maila oso handian nabilela frogatu ahal izan dut”, adierazi du Martinezek, Albaniatik bueltatu berritan.
Bi jardueratan parte hartu du, eta bietan marka onak ezarri ditu. Arrankadetan 90 puntu lortu ditu Martinezek, eta bi denborakoan, ostera, 105. Iazko lehiaketan, hurrenez hurren, 82 eta 100 puntu erdietsi zituen. Iazko langa, beraz, gainditu egin du. Arrankadetan “maila oso duinean” ibiltzea espero baldin bazuen ere, bi denborakoan “zertxobait hobeto” aritzea espero zuen bermeotarrak: “Apur bat hobeto ibiltzea aurreikusten nuen, baina hanketatik oso-oso nekatuta amaitu dut, eta, hortaz, pozik nago lortu ahal izan dudan emaitzagaz, batez ere, bertan topatutako maila zein handia zen ikusirik”.
“Pozik nago lortu ahal izan dudan emaitzagaz, batez ere, bertan topatutako maila zein handia zen ikusirik”
Espainiako Txapelketari begira. Martinezek helburu bat bete berri du, baina ez da orain geldituko. Izan ere, hurrengo asteburuan Salamancara joango da, Espainiako Txapelketa lehiatzeko. Bertakoa ere “proba gogorra” izango dela aurreikusten duen arren, argi eta garbi du zeren bila joango den: “Irazbateko asmoagaz parte hartuko dut, horixe da helburua”. Bien bitartean, aste hau “atsedena hartzeko eta aktibaziorako entrenamendu apur bat egiteko” aprobetxatuko du, “Europako Txapelketako esfortzuetatik berreskuratzeko eta Espainiako Txapelketarako mentalizatzeko”.