Estropada denboraldi berrirako taldea plazaratu du Urdaibaik
Urdaibaik, hastear den denboraldirako, Iker Zabala fitxatu du entrenatzaile lanetarako. Domekan, ohiko harrera bazkaria egin zuen lantaldeak, Eneperin.
Aurtengo estropada denboraldia abian ipintzeko hilabetea baino zertxobait gehiago falta da, eta, horrenbestez, arraun talde nahiz elkarteak azkenengo entrenamendu saioekin, prestakuntzekin eta, oro har, denboraldiari ahalik eta mailarik handienean ekiteko eginbeharrekin jo eta su ari dira lanean. Era berean, aurkezpen sasoia erebada, klubak traineru bakoitzak osatuko duten lantaldea aurkezten ari baitira; hori egiten azkena Urdaibai izan da.
Bou Bizkaia-n zenbait berrikuntza izango dituzte datorren denboraldiari begira, baina guztien gainetik entrenatzaile aldaketa nabarmentzen da. Izan ere, Iker Zabala Urdaibaiko lantaldera bueltatu da, denbora batez taldetik kanpo egon ondoren. Klubetik adierazi dutenaren arabera, Zabalarena fitxaketa “oso esanguratsua” da, duela zenbait urte, Urdaibai arraunaren goreneko mailara hauspotzea lortu baitzuen.
Ohiko hasiera, Eneperin. Urteroko usadioari jarraituz, beste denboraldi hasiera batez, Urdaibaiko lantaldeak ohiko bazkaria egin zuen, joan den domekan, Eneperin. Hori orduko, kide berriak aurkezte aldera, talde argazkia ere egin zuten arraunlariek.
Entrenamendu saioen eta presioaren erdian, Eneperiko denboraldi hasierako talde bazkaria “lasaitasunerako eta deskonexiorako” tartea dela adierazi dute taldekoek. Horrez gain, iritsi berriei ongi etorria emateko modua eta apurka-apurka “taldearen barne kohesioa sendotzen joateko bidea” dela azaldu dute.