Badatoz herri txikietako jai handiak
Maietz Pazkoak ospatzeko egitarau zabalak prestatu dituzte Arratzun, Sukarrietan eta Muxikan, asteburua ekintzaz betez. Muxikarrek auzoetako jaiak berpiztuko dituzte.
Heltzear daude herriak jendez eta giroz betetzen dituzten eta hain esperotakoak diren jai egunak. Maietz Pazkoak ospatuko dituzte asteburuan, Arratzun, Muxikan eta Sukarrietan. Herri txikietan jai handiak ospatzen direla erakusteko egitarau zabalak prestatu dituzte hiru herrietan, eta oraingoan ere, kaleak eta plazak jendez beteko dituzte.
Biharko txupinagaz hasiko dira Arratzuko jaiak. Arratzuko Piratak Herri Kirol taldekoak izango dira aurten txupina jaurtitzeaz arduratuko direnak, izan ere, herri kirolak sustatzen egiten duten lana balioan jarri gura izan du Arratzuko jai batzordeak: “Lan handia eta ona egiten dute herri kirolak zabaltzerakoan, eta euren lana balioan jartzea pentsatu genuen; egiten duten lana aitortu gura genien”.
Sartenekoa izango dute ostean, eta dantza urbanoak mugiaraziko ditu udalerrira bertaratu direnak gero. Fat Crew arduratuko da herria musikaz eta dantzaz betetzeaz. “Gauza desberdina da gure herri txikiarentzako”, adierazi dute antolatzaileek.
Egun handia, baina, zapatua da Arratzun. “Ume, gazte zein helduentzako egitaraua prestatu dugu, arratzuarrentzako egun handiena baita hori”. Umeen jolasak egingo dituzte Piratak Herri Kirol taldekoek ordubetez edo ordubete eta erdiz, eta umeek lan horiek praktikan jarri eta gero, Bizkaiko Lasto Jaurtitze Txapelketako finalagaz gozatzeko aukera edukiko dute: “Ia urtero jokatzen da, herritarrek ere parte hartzen dutelako, tartean, Beñat Obietak. Iaz izan ezik, txapelduna izan da bera. Horiek eta Arratzun entrenatzen duten beste batzuek parte hartuko dute”.
Finala amaituta, herri bazkarian elkartuko dira arratzuarrak, herriko frontoian. 150 lagun inguru elkartzen ziren urtero-urtero, eta aurten ere hori espero dute. “80 pertsona inguru daude izena emanda momentuz, umeak zenbatu barik, eta, askok, azken ordura arte itxaroten dute izena emateko”, zehaztu dute antolatzaileek.
Playbacka izaten da Arratzuko festen bereizgarria, eta aurten ere agertokira igotzeko aukera edukiko dute herritarrek. Diotenez, umeak ari dira zerbait prestatzen, eta nagusienak ere animatu dituzte parte hartzera.
Domekan, berriz, pilota partiduek hartuko dute protagonismoa. Lehen orduan, azken hilabetean jokatzen aritu diren Arratzuko Esku Pilota Txapelketaren finalak lehiatuko dituzte umeek, eta, gero, lehen mailako pilotarien ikuskizuna egongo da.
Martitzena da Maietz Pazko eguna, eta herriko tabernaren inguruan batuko dira Arratzuko bizilagunak. Arratsaldean Imanol Ituinoren magia ikuskizuna edukiko dute bertaratzen direnek, eta jaiak kantuan agurtuko dituzte eguna amaitzeko.
Kontzertuak Muxikan
Muxikako auzoetako jaiak berpizteko lanean ari dira herritarrak eta udala, eta Elizalden ospatzen ziren Maietz Pazko jaiak berreskuratuko dituzte aurten.
Hori dela eta, barikua eta domeka Elizalde giroz eta jendez beteko duen egitaraua antolatu dute Kolakaine kultur elkartekoek Muxikako Udalaren laguntzagaz. Txupinagaz hasiko dituzte jaiak barikuan, eta bakailo jana izango dute bertaratzen direnek. Ostean, musika kontzertuak egongo dira: La Gripe eta Lowe. Bilboko rock taldea da La Gripe, eta horiek giroa berotu ostean, 80ko eta 90eko bertsioak egiten dituen Lowe musika taldea igoko da Elizaldeko oholtzara.
Domekan, berriz, Baso txoritxu dantza taldeak dantzaz beteko du plaza, eta ostean, balkoitik balkoira bertsotan ariko dira Onintza Enbeita bertsolari muxikarra eta Nerea Ibarzabal markina-xemeindarra.
Dozena bat ekintzek animatuko dute Sukarrieta asteburuan. Sukarrieta eta inguruko bizilagunek disfrutatzeko asmoz, umeenetatik nagusienetara pentsatutako ekintzak antolatu ditu udalak.
Zapatuan txupina jaurti eta gero, Sukarrietako Kantaguneak girotuko du herria eta, ostean, pilota partiduez gozatzeko aukera edukiko dute bertaratzen direnek. Sardina jana ere ez da faltako, eta umeek apar jaian bustitzeko aukera izango dute.
Domeka da egun handia; 38. Sukalki lehiaketa izango dute. Sukalkiak prestatu bitartean, Tor magoak eta trikitixa doinuek hartuko dute herria.