Arratzuk Bizkaiko lasto botatze txapelketa hartuko du, zapatuan
Zazpi lehiakide elkartuko ditu Bizkaiko txapelketak. 13:00etan hasiko da, eta Jose Martin Bustinza 'Tubi' da hautagai nagusia.
Bizkaiko lasto botatze txapelketa lehiatuko dute, bihar, Arratzun. Zazpi jaurtitzaile zein baino zein gehiago ibiliko dira, 13:00etatik aurrera. Bertan izango dira Arratzuko Piratak HKT taldeko Beñat Obieta arratzuarra nahiz Xabier eta Aitor Rodriguez gernikarrak; beraiekin batera ariko dira Dimako Olar HKT taldeko Jon Loiola eta Jose Martin Bustinza Tubi, Txondor HKT taldeko Mikel Agirre eta Abadiñoko Eloy Salterain.
Obietaren arabera, “ederra” izango da etxekoen aurrean lehiatzea: “Txapelketa hori pare baten lehiatu dugu Arratzun, eta beti giro politagaz”. Lehiarako hautagai nagusia Tubi dela adierazi du. “Lehiaketa egin zen azken aldian Tubi nagusi izan zen, eta ni bigarren izan nintzen; hirugarrena Mikel Agirre izan zen. Beraz, Tubi da hautagai nagusia; Euskadiko txapeldun historikoa da, eta ez dut uste Arratzun atzera irabazteko aukera galduko duenik”, azaldu du Obietak.