Muruetak garbigune mugikorra hartuko du
Etxeko bolumen txikiko hondakinak batzeko balioko du. Bihartik ekainaren 15era arte egongo da, Eleizalde aldameneko aparkalekuan.
Bizkaiko Foru Aldundiaren Garbiker zerbitzuak antolatuta, garbigune mugikorra Muruetara ailegatu da. Eleizalde alboko aparkalekuan kokatuta egongo da aste biz, herriko hilerriaren aldamenean, bihartik hasita ekainaren 15era arte. Muruetarrek etxean pilatzen dituzten hondakinak modu seguruan, jasangarrian eta ordenatuan botatzeko asmoz sortu dute garbigune mugikorraren egitasmoa. Bizkaiko udalerrietan barrena ibilbidea egin ohi du garbigune mugikorrak.
Hondakin jakin batzuentzat. Garbigune mugikorrean utzi ahal izango diren hondakinak zerrenda batean argitu dituzte udalak eta Garbikerrek. Hondakin txikiei bideratuta dago proiektua. Ondorengo hondakinak utzi ahalko dira herriko plazako gunean: etxeko tresna txikiak, ezkatzeko tresnak, ontzi txikietan baturiko etxeko olioa, sakelako telefonoak, kableak, pinturak edota disolbatzaileak, aerosolak, kutsatutako xurgatzaileak, tonerrak, tintazko kartutxoak, metalezko nahiz plastikozko kapsulak, pilak, CDak, DVDak, kaseteak eta erradiografiak.