Mundakako Beteranoak: uretan eta etxekoen aurrean, garaile; lehorrean, bigarren
Mundakako Beteranoak lehenengo sailkatu ziren uretan, baina beren traineruaren handikapagaz, bigarren sailkatu ziren Mundakako II. beteranoen estropadan. Fortunak irabazi zuen proba, ehunen batzuengatik. Hurrengo estropada Baionan lehiatuko dute, zapatuan.
Mundakako Beteranoek Mundakako II. beteranoen estropada lehiatu zuten domekan. Proba hori, etxean lehiatzeaz gain, ABE/La Salve Ligako hirugarren jardunaldia izan zen Mundakako Beteranoentzat. Donostiako Fortuna taldeak eskuratu zuen garaipena, etxekoak ehunen batzuengatik gaindituz; dena dela, uretan egindako tartean nagusi izan ziren mundakarrak. Izan ere, traineruaren adinaren araberako handikapak daude, eta, Mundakako Beteranoek zortzi segundokoa zuenez, bigarren postura atzeratu zituen. Hain zuzen, lau traineru izan ziren, uretako sailkapenean, segundu bakarraren barruan. “Oso pozik gaude eskuratutako emaitzagaz; etxekoen aurrean talderik onenaren pare ibiltzea eta, gainera, uretako denborarik onena egitea lorpen handia da”, adierazi dute.
Itsasoaren egoerari eta parte hartzaileei begira hasi zuten eguna; izan ere, beroketa saioetan olatu handi samarrak igarri zituzten, eta Talatik Aztira joan-etorria egitearen ordez, San Antonio paretik ekin zioten lehiari, eta Talaraino heldu ziren; beraz, ez zuten ziabogarik egin. Estropadan, olatuek brankatik jo zieten traineruei eta horrek “dezente” zaildu zuen egitekoa, azaldu dutenaren arabera: “Traineru batzuek ontzi erdi airean izan zuten, olatuen tamaina eta joagatik; zorionez, ez zen istripurik izan”.
Antolakuntza “bikaina”. Mundakako Beteranoak lehiakide eta antolatzaile modura ibili dira domekan. Beraz, ezin izan dute aurreikusita zeukaten B taldea itsasoratu: “Azkenean traineru bakarragaz atera ginen; antolakuntzan egon beharrak jende asko lanean ibiltzera derrigortu zuen, eta, hortaz, ezin izan genuen taldea bikoiztu”. Datorren zapatuan, ABE/La Salve Ligak Lapurdiko hiriburuan, Baionan, jarraituko du. Estropada horretan ere, mundakarrek ez dakite bigarren taldea uretaratzerik izango ote duten: “Baionan, inguruko klub asko gonbidatu egiten dituzte, eta ikusi beharko da zenbat traineru gonbidatuk izena ematen duten”.