Markako Zegama-Aizkorri Busturialdeko korrikalarientzat
Arrolape Mendi Klubeko lasterkari Iker Arrien, Aritz Martin, Imanol Goñi eta Iñigo Bilbaok maratoian parte hartu dute. Aiaramendi taldeko Jabier Goitia ere proba horretan ibili da. Gizonezkoetan Kilian Jornet kataluniarrak orain arteko marka apurtudu, eta gauza berbera egin du Nienke Brinkman nederlandarrak, emakumezkoen lasterketan.
Markak apurtu ditu aurtengo Zegama-Aizkorri mendi maratoiak: bai denborei, bai ikusle kopuruari dagokienez. Bertan lehiatu zuten, herenegun, Busturialdeko mendi korrikalariek.
Emakumezkoen proban, Nienke Brinkman herbeherearrak Maude Mathys hautagai nagusia menperatu zuen, garaipena eskuratzeko; gainera, 18 minututan hobetu zuen Maite Maioraren 2017ko errekorra, erlojua 4.16,43an geratu zuen. Gizonezkoen proban, Kilian Jornet kataluniarra nagusi agertu zen; Davide Magrini italiarrari aurrea hartuz, 3.36,40ko denbora behar izan zuen. Lasterketa horretan ibili ziren Arrolape Mendi Klubeko mendi lasterkariak: Iker Arrien, Imanol Goñi, Aritz Martin eta Iñigo Bilbao. Arrien eta Bilbaorentzat lehenengo aldia izan zen, eta “afizioaren jarreragaz oso hunkituta” agertu ziren, helmugan.
Goitia, helburua lortu barik. Aiaramendi taldeko Jabier Goitiak ere maratoian parte hartu zuen, baina, arazo fisikoak tarteko, ezin izan zuen espero zuen maila erakutsi: “Lasterketa polita egiteko asmoz iritsi nintzen irteerara, oso ondo prestatuta, baina ezin izan nuen egin esperotako denbora; dena dela, izugarri gozatu nuen mendian topaturiko giroagaz eta ikusleen berotasunagaz, eta baita goi-mailako lasterkariez ikasteko aukera edukitzeaz ere”.