Jon Erezuma eta Jon Carles Monteagudo gogoratu dituzte
Erezuma eta Monteagudo hil zituztela 31 urte bete dira gaur, eta euren omenez ekitaldia egin zuten atzo, Gernika-Lumon.
Duela 31 urte Guardia Zibilak Jon Erezuma Uriarte eta Joan Carles Monteagudo erail zituztela gogoratu zuen atzo Askatasun Haizea herri ekimenak. “Oroimenean, borrokan eta duintasunean” oinarritutako ekitaldia izan zen Gernika-Lumokoa, 100 lagun batu zituena.
Adarraren hotsagaz hasi zen ekitaldia, bertsolariekin jarraitu zuen, eta dantzariek agurra dantzatu zieten. Lore eskaintzan Eusko Gudariak kantua abestuz omendu zituzten Erezuma eta Monteagudo.
Erezuma da borroka armatu baten hil den eskualdeko azken herritarra. “Akorduan ditugu baita ere errepresialiatu denak, azken 50 urteetan askapen nazionalaren bidea egiteagatik erailak izan direnak: Blanca Salegi, Iñaki Garai, Andoni Campillo, Miguel Angel Uriagereka, Juan Luis Lekuona, Manu Urionabarrenetxea eta Erezuma bera”.
Busturialdeko presoak diren Jabi Abaunza, Eneko Goieaskoetxea eta Kepa Arronategi gogoratu eta elkartasuna adierazi zieten, baita Asier Guridiri eta Gaizka Astorkizagari ere. Aipamena egin zioten barikuan espetxeratu zuten Mugimendu Sozialistako kideari ere: “Zapalketa guztien aurrean antolatu eta erantzun beharra dago”.