Xabi Barandikak, Nicolas Etchetogaz batera, ez du garaipena lortu Iñaki Osa Goikoetxearen eta Eric Irastorzaren aurka, baina Donostia Grand Slameko finalaurrekoetara sailkatzea lortu du. Unai Lekerika ere sailkatuta dago, Aritz Erkiagagaz batera.
Zapatu arratsaldean Donostia Grand Slam 2022 zesta punta txapelketako jardunaldi nagusia jokatu zen, Donostiako Carmelo Balda pilotalekuan. Izan ere, datorren zapatuan lehiatuko diren finalaurreko partiduak zehaztu zituzten iragan zapatuan. Beste behin, ikusleek erantzuna eman zioten Jai Alai World Tour zirkuituko ekitaldiari, eta, horrenbestez, jende mordoa bildu zen, zesta punta partiduez gozatzeko.
Lehendabiziko norgehiagoka 17:00etan ipini zen abian. Bidartar bi elkarren kontra aritu ziren: Eric Irastorza eta Nicolas Etcheto. Iñaki Osa Goikoetxea zumaiarrak osatu zuen, Irastortzagaz, beteranoen bikotea. Etchetoren bikotekidea, ostera, Xabi Barandika gernikarra izan zen. Donostia Grand Slamean bizirik jarraitze aldera, Goikoetxea eta Irastorza bai ala bai 2-0gatik irabaztera derrigortuta zeuden eta, gainera, ahalik eta tanto gehien egitera. Ez zituzten hasierako bi jomuga horiek erdietsi, Barandikak eta Etchetok lehenengo seta 10-15 irabazi baitzuten.
Txapelketatik kanporatuta geratu arren, Goikoetxeak eta Irastorzak partidua irabaztea lortu zuten
Txapelketatik kanporatuta geratu arren, Goikoetxeak eta Irastorzak osatutako bikoteak ez zuen etsi, eta ikusleei beren mailarik onena erakusteko asmoz atera ziren bigarren setera. Maila handi horren erakusle, set hori 15-12 eskuratu zuten. Berdinketa haustean ere nagusi agertu ziren beteranoak: 5-3. Hortaz, garaipengaz eman zioten agurra lehiaketari Goikoetxeak eta Irastorzak. A multzoko lehenengo modura Barandika eta Etcheto pasatu dira, eta bigarrenak, ostera, Aritz Erkiaga ispastertarra eta Unai Lekerika gernikarra izan dira.
B taldeko egoera, berriz, oso bestelakoa izan zen.
Diego Beaskoetxea gernikarrak eta
Imanol Lopez zumaiarrak osatutako bikoteak, batetik, eta
Jean Olharan pautarrak eta
Jokin De Rio gasteiztarrak osaturikoak, bestetik, lehen partiduak
irabazi zituzten; ondorioz, harrezkero
sailkatuta zeuden biak ala biak. Jokoan zegoena, hain zuzen ere,
multzoko lehenengo postua lortzea zen, eta hori Beaskoetxeak eta Lopezek erdietsi dute, Olharan eta Del Rio
2-0 menperatuta. Horrenbestez, zapatuan jokatuko diren
finalaurreko partiduetan honakoek lehiatuko dute: Barandika eta Etcheto Olharanen eta Del Rioren kontra, eta Beaskoetxea eta Lopez, Erkiagaren eta Lekerikaren kontra. Orain arte moduan,
17:00etan abiatuko dituzte partiduak, eta sarrerak, dagoeneko,
www.eventbrite.com webgunean eros daitezke. Donostia Grand Slam 2022 txapelketako
final handiari dagokionez,
ekainaren 11n izango da.
Finalaurrekoetan Barandika-Etcheto bikotea Olharan-Del Rioren kontra ariko da, eta Beaskoetxea-Lopez bikotea, ostera, Erkiaga-Lekerikaren aurka
Iraganari omenaldia. Joandako zapatuan, gainera, beraien kirol ibilbidea Euskal Herrian nahiz atzerrian egin zuten hainbat eta hainbat puntista ohi omendu zituzten. Omenaldi ekitaldi berezi hartan, gutxi gorabehera, berrogeita hamar bat pilotari izan zituzten gogoan, besteak beste, Zulaika, Fernando Elola, Lertxundi, Asier Tolosa, Mikel Lopetegi, Garmendia, Bazkardo, Astiga, Goia edota Altuna.