Arrano Eguna ospatuko dute gernikarrek bihar
"Arrano herritar gehiagorengana zabaltzea da helburua", azaldu dute antolatzaileek, baita Arrano Kultur Elkartearen lanari ikusgarritasuna ematea eta komunitatea bultzatzea ere. Herritarrei bihar Arranora gerturatzeko deia egin diete.
Ehunka herritarren elkarleku den Arrano tabernaren eguna ospatuko dute bihar Gernikan, eta, horretarako, egitarau zabala prestatu du Gernikako Arrano Kultur Elkarteak, eguerdian hasi eta gauera artekoa izango dena.
Pandemia aurretik hasi ziren Arrano Eguna ospatzen, jaia urtero antolatzeko helburuagaz, baina azken bi urteetan ezin izan dute ezer prestatu, osasun egoerak baldintzatuta. Aurten, baina, eguna ospatzeko aukera izango du taldeak, eta herritarrei antolatutako ekintzetan parte hartzeko deia egin diete antolatzaileek.
“Arrano herritar gehiagorengana zabaltzea da helburua”, azaldu dute antolatzaileek, baita Arrano Kultur Elkartearen lanari ikusgarritasuna ematea eta komunitatea bultzatzea ere: “Tabernari bultzada ematea, Arrano herrira gehiago zabaltzea eta Arrano Kultur Elkartea herritarrengana gerturatzea da gure asmoa”.
Elkarte herrikoia da Arrano Kultur Elkartea, eta kultur arloa eta euskal nazioaren identitatea babesten eta bultzatzen duten arloetan egiten du lan, euskara, euskal folklorea, historia, memoria, kultura eta tradizioak sustatuz. Beste alde batetik, Euskal Herriaren lurraldeen arteko loturak indartzea eta, haien eskubideak lortzeko ahalegintzen diren beste herri batzuen arazo, borroka eta errealitateekin bat egitea dira euren helburuak.
Zehaztu dutenez, kultur taldetik egiten diren ekintzen artean “beste bat” da Arrano Eguna, “Gernikan eskaintza kulturala bultzatzea bilatzen duena”.
Egitaraua.
Elkartasun argazkiagaz abiatuko dute eguna eguerdian, eta Dj Nikan eta BORek giroa musikatu bitartean, rabak jateko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Bazkaria 15:00etan egingo dute, eta herenegun 30 lagun inguru zeuden izena emanda, hala ere, azken unean jende gehiago apuntatzea espero dute. Horretarako, tabernan bertan edota @arranotaberna Instagram kontuan izena eman beharko da; paella, edaria, kafea eta postrea egongo dira.
Gero, Sutam taldea Sutam taldeak girotuko du arratsaldea, eta gaua DJ Gorrintzu & Laztanarena izango da.
Egitaraua
13:00. Elkartasun argazkia. Ostean, Dj Nikan eta BOR.
15:00. Bazkaria.
18:00. Sutam talde gernikarraren kontzertua.
19:30-22:30. Pizzak.
22:30. Dj Gorrintxu & Laztana.