Nusadua, Beibi eta Izarzugaza harategiaren erakusleihoak eta Alasne Lozano saritu dituzte
Nusaduarena eta Izarzugaza harategiarena izan dira epaimahaiaren sariak, eta Beibirena herritarrek bozkatu dutena. Lozanok Herriarren parte hartze saria jaso du.
Bermeoko 5. Erakusleiho Lehiaketak baditu irabazleak: Nusadua, Beibi, Izarzugaza harategia eta Alasne Lozano.
Nusaduarena eta Izarzugaza harategiarena izan dira epaimahaiaren sariak, eta Beibirena herritarrek bozkatu dutena. “Aurten, epaimahaiak bi sari eman ditu azkenean. Izan ere, saltokiko langile edo jabeek apaindutako erakusleihoen kategorian, Nusadua arropa denda saritzeaz gain, bigarren sari bat eman zaio Izarzugaza harategiari”, azaldu dute arduradunek. Gainera, Lozanok irabazi du herriarren parte hartze saria, eta laurek 500 euroko saria jaso dute. Lozanok lehiaketan parte hartu duten establezimenduetan gastatu beharko du dirua.
Kepa Zumeta Bermeoko turismo zinegotziak adierazi du “pozik” daudela aurtengo Erakusleiho Lehiaketarekin: “Egia da beste urte batzuekin alderatuta jende gutxiago animatu dela, baina txapelketa honen helburuak dira herriko saltokiak indartzea, herrian kontsumoa suspertzea eta erakusleihoak apaintzea, eta, uste dut helburu horiek betetzea lortu dugula”. Hala ere, onartu du datorren urteari begira establezimendu gehiago erakartzen saiatuko direla.