Fiskaltzak ez du deliturik ikusi Basamortu lurren auzian
Ministerio Fiskalak Basarmortu lurren auzia artxibatu eta ezetsi duela adierazi dute Mundakako EAJkoek, salatutako egitateetan "ez duelako inolako deliturik antzeman".
Mundakako EAJk jakinarazi duenez, Fiskaltzak ez du deliturik ikusi Mikel Bilbaok Mundakako alkate ohiak herriko EAJren aurka jarritako salaketetan, horien artean, Basamortu lurren auzian eta aholkulari juridiko baten kontratuan. “Bilbaok hasitako legezko ekintza guztiak artxibatu edo ezetsi dituzte horiek aurkeztu dituen estamentu juridikoek”, azaldu du Mundakako alderdi jeltzaleak.
Hain zuzen ere, Ministerio Fiskalak Basarmortu lurren auzia artxibatu eta ezetsi duela adierazi dute, salatutako egitateetan “ez duelako inolako deliturik antzeman”; hau da, ez du deliturik ikusi Basamortuko partzelari buruzko kudeaketan eta aholkulari juridiko baten kontratuan.
Mundakako alderdi jeltzaleak Fiskaltzak ondorioztatutakoak argitaratu ditu: “Egindako eginbideetatik ondorioztatzen da trukea ondasunak besterentzeko sistema egoki gisa aukeratu zela bere garaian, Basamortuko eremua birpartzelatu ondoren sortutako indibisioa desegiteko, alegia; azkenean, onartutakoen aldeko balioak erabili zituzten, eta ez zituzten udalari iruzur egiteko mekanismo gisa erabili”.
Aholkulari juridiko bat kontratatzeari buruz, honako hau ebatzi du Fiskaltzak: “Bilbaok aurkeztutako elkarrizketa entzun ondoren, Ministerio Fiskalak adierazi du bertatik ez dela ondorioztatzen (…) Bilbao jaunaren motibazioan interes publikoekin zerikusirik ez duten elementuak sartzea eta helburua izatea aholkulariari onura ekonomikoa sortzea”.
EAJk dio Fiskaltzaren ebazpenak “hainbat arrazoi” zerrendatzen dituela, eta horietan ikuspegi juridikotik argudiatzen duela Bilbaok aurkeztutako grabazioetan “ez dagoela inolako irregulartasunik”.
Alderdi jeltzaleak, gainera, Bilbaok aukeztutako grabazioei buruzko hausnarketa egin du, eta “larritasun bereizkotzat” jo du Bilbaok elkarrizketak grabatzea eta horiek Fiskaltzara eramatea, “ustezko irregulartasun baten froga modura”. Azaldu dutenez, grabazio horiek auzia artxibatu duen Fiskaltzaren jarrera “indartzeko” baino ez dute balio izan.