Bermeo Udalak enpresei bideratutako informazio zerbitzu berria abiarazi du
Zerbitzu honen helburua da udalak kaleratzen dituen kontratuei buruzko informazioa ematea.
Bermeoko Udalak herriko enpresei bideratutako informazio zerbitzu berria martxan jarri du. Aipatu zerbitzuaren helburua da udalak kaleratzen dituen kontratuen gaineko informazioa eman eta herriko enpresei deialdi hauetara aurkezteko laguntza eskaintzea.
Bermeoko Alkate Aritz Abaroaren esanetan hauek izan dira ekimen hau martxan jartzeko arrazoiak: “Sarritan herriko enpresa txiki eta ertainek arazoak izaten dituzte Udalak kaleratzen dituen kontratu deialdietara aurkezteko. Zalantzak sortzen zaizkie eta prozesu horretan laguntza behar dute. Bada, zerbitzu berri hau behar horri erantzuteko sortu da, hain zuzen ere. Gure helburu estrategikoetako bat da administrazio hurbila izatea eta, zentzu horretan, legea zorrotz betez, herriko enpresekin lan egin nahi dugu. Ekimen honek hori ahalbidetzen lagunduko du”.
Udalak urtero aurkeztu eta onartzen du kontratazio plangintza, “hainbat zerbitzu desberdin aurrera eroatekohelburuz”. Azaldu dutenez, administrazioak kontratuak bideratzeko “legedi zorrotza” bete behar du, kontratuak modu publiko eta irekian izapidetuz. Hori guztia kontuan hartuz, herriko enpresak kontratu hauetara aurkezteko aukera, gaitasuna eta laguntza izatea da udalaren helburua.
Diotenez, 2022rako hainbat kontratu daude planifikatuta. Kontratu horiek argitaratzen direnean, Bermeoko Udalak sortu berri duen infobehargintza@bermeo.eus helbide elektronikoaren bidez jasoko dute enpresek kontratuei buruzko informazioa.
Enpresei sortu ahal zaizkien zalantzak argitzeko, 94-617 91 90 telefono zenbakia jarri dute horien eskura.
Informazio zerbitzu honek udaleko kontratazioaren gaineko informazioa emateaz gain, enpresekin harremanetan jartzeko aukera ere eskainiko duela zehaztu dute.