Baserritarren Eguna ospatuko dute zapatuan, Ereñon
Erakusketak, txakolin dastaketa, dantza emanaldia, talo postua... denetariko eta denentzat prestaturiko eskaintza zabala egongo da.
Ereñarrek Baserritarren Eguna ospatuko dute zapatuan. Koronabirusaren pandemia egoerak bi urte luzez isilarazi du Ereñoko bizilagunentzat hain berezia izan ohi den egun hori, baina, azkenean, 2022ko egitaraua sortzea lortu dute antolatzaileek. Horrenbestez, herritarrek aurten aurkera paregabea izango dute baserritar eta euskal jantziak soinean ipini eta kalera ateratzeko. Gerandape kirol klubak, inguruko ostalariekin eta Ereñoko Udalagaz elkarlanean, antolatu du Baserritarren Eguna, eta egitarau oparoa prestatu dute klubekoek.
Baserritarren Eguna 11:00etan hasiko da, herriko plazan. Herriko produktuen erakusketa egingo dute orduan, eta antolakuntzatik aurreratu dute “denetariko produktuak” aurkitu ahal izango dituztela bertaratzen direnek. Ondoren, 12:00etan tripa betetzeko aukera izango da; izan ere, txakolin dastaketa egingo dute, eta jatekoa ere izango da.
Dantzarako tartea. Eguerdi aldera, 13:15ean, urtero legez, Kabelinatxe taldeko umeek euskal dantzetan oinarritutako ikuskizuna eskainiko du. Horrez gain, Baserritarren Eguneko bereizgarri azpimarragarrienetakoa den taloa ere oso presente egongo da aurtengo egitarauan: Etxeko andreak taloa egiten eta txorizo erreagaz prestatzen ibiliko dira egun osoan zehar. Ez hori bakarrik: gazta postuak ere izango dira, bai dastatzeko, bai erosteko. Arratsaldean ere denetariko produktuen erakusketak izango dira, baina “artisautzagaz lotutakoak” nabarmenduko direla azaldu dute.
Antolakuntzatik “oso pozarren” agertu dira pandemiak ekarritako etenaldiaren ondoren Baserritarren Eguna berreskuratu izanaz. Era berean, Ereñon izaten den “giro apartaz” gozatzeko, azokagunera bertaratzeko deialdia luzatu diote inguruko herrietako jendeari. Beraz, zapatuan “gastronomia, entretenimendua eta ondarea” uztartuko dituzte.