Australiar eta euskaldunen arteko senidetze bazkaria egingo dute ekainaren 18an
Ekainaren 18rako jarri dute zita, eta bertaratu gura dutenek aurretiaz izena eman beharko dute. Horretarako azken eguna izango da ekainaren 10a. Zallo Jatetxean batuko dira aurtengoan, eta 140 lagunentzako lekua egongo da.
2018an sortu zen Euskal Australiar Alkarteak australiar eta euskal kulturen arteko harremana sendotzea du helburu, baita Australiara joan ziren euskaldunen lanari buruzko informaziooa ezagutaraztea eta zabaltzea ere. Helburu horretan, herritarren arteko senidetasun bazkariak antolatu izan dituzte –2018an eta 2019an–, eta aurten ere batuko dira. Ekainaren 18rako jarri dute zita, eta bertaratu gura dutenek aurretiaz izena eman beharko dute. Horretarako azken eguna izango da ekainaren 10a.
Izena emateko 665 73 02 87 telefono zenbakira whatsappa bidali edota deitu beharko da. Jakinarazi dutenez, Zallo Jatetxean batuko dira aurtengoan, eta 140 lagunentzako lekua egongo da bertan. Euskal Australiar Alkarteko kideek parte hartzeko deia egin diete herritarrei, Australian egon zirenei, etorri zirenei eta bi kulturei buruz jakin nahi duen edonori.
Izan ere, Teresa Gabiola elkarteko kideak adierazi dutenez, asko izan ziren Busturialdetik eta Lea-Artibaitik Australiara joan zirenak eta urteak igarota herrira bueltatu zirenak. Beste asko kontinente berrian geratu ziren. Orain, emigratu zutenek bi herrialdeetan bizitakoak ezagutarazi gura dituzte, eta senidetasun bazkaria aprobetxatuko dute horretarako. Aurreko urteetan egin legez, euren bizipenak kontatzeko prest egongo dira bertaratutakoak.
Elkarteak Australiara joan ziren euskaldunen lana balioan jartzeko sortu dute, eta horretarako beste pauso bat dela bazkaria diote, baita euskaldunen eta australiarren kulturak ezagutarazteko eta han eta hemen egon zirenen arteko harremanak sendotzeko ere.