Herriko jai nagusietan murgilduta daude ajangiztarrak
Kontzertuek Mendietako plaza bete zuten barikuan, eta 225 parte hartzaile elkartu ziren atzoko Mugari biran. Asteburuan izango dute azken traka, herri bazkarian elkartuko baitira ajangiztarrak.
Eskaldeko jaien artean egutegian gorriz markatuta daudenetarikoak dira Ajangizko sanasentsioak eta sanisidroak. Uda aurretik, lehenengotarikoak dira, eta, beraz, motorrak berotzen hasteko aukera ederra eskaintzen dute.
Aurten, bi urteren ostean, herriko jaiak bueltatu dira Mendietako plazara. Aurretik ajangiztarrak herriko jaiak ospatzen aritu badira ere, herriko festek eztanda egin dute asteburuan, izan ere, inguruetako herritarrez eta bizilagunez bete da Ajangiz. Jendez gainezka zegoen herriko plaza barikuan, eta giro bikainean ospatu zituzten herriko festa nagusiak bertaratu zirenek.
Lehen mailako taldeen kontzertuak bultzatuta elkartu ziren plazan. Toc, Leihotikan, Unidad Alavesa eta Dj Ramix igo ziren plazako oholtzara, eta euren erritmoek mugiarazi zuten plaza.
Domekan, berriz, goizetik elkartu ziren ajangiztarrak XIII. Mugari Biran. Gustuko lekuan aldaparik ez dagoela erakutsi zuten beste urte batez mendi martxan parte hartu zuten 225 mendizalek.
Plazatik 08:30ean irten ziren 19 kilometroko bidea egin zutenek, eta denen artean azkarrena izan zen Xabi Zabala Ikaran; ordubete eta 40 minutu behar izan zituen ibilaldia amaitzeko. Bigarrena Unai Alberdi Eizagirre izan zen, ordubete eta 53 minutuko denboragaz, eta hirugarren ailegatu zen Ibai Musatadi Irazabal, 2 orduko denboragaz. Martxa luzea egin zutenak, berriz, 09:30ean atera ziren.
Azken traka.
Asteburuan emango diete azken traka sanisidro eta sanasentsio jaiei. Eguena da San Asentsio eguna, eta mezan batuko dira ajangiztarrak. Arratsalderako ez dute planik faltako, briska txapelketa lehiatuko baitute Pertxamendi txokoan, eta ostean, txokolate jana egingo dute.
Zapatua izango da azken eguna aurtengoan, eta sukalki artean agurtuko dituzte festak. 14:30ean aurkeztu beharko dituzte prestatutako sukalkiak, eta 15:00etan hasiko da bazkari herrikoia. Arratsaldea girotzeko, 17:00etan hasita, puzgarriak eta disko festa egongo dira plazan, eta 18:30etik aurrera, berriz, musika.
Ajangizko jai batzordekoek herritarrei zapatuan Mendietako plazara gerturatzeko deia egin diete.