Ezustekoak eta emozioa nagusi, Donostian
Barandikak eta Etchetok Erkiaga eta Lekerika hautagai nagusien kontrako partidua irabazi zuten, eta orain beraiek dira Donostia Grand Slam txapelketa eskuratzeko faboritoak. Hormaetxeak eta Zabalak, aldiz, Olharan eta Del Rioren kontra galdu zuten.
Bostehun ikusle inguru bildu ziren zapatuan, Donostiko Carmelo Balda pilotalekuan, Donostia Grand Slam zesta punta txapelketaren bigarren jardunaldiaz gozatzeko. Bigarren jardunaldi horrek partidu bi izan zituen, lehendabizikoa 17:00etan hasita. Lehen partidu horretan ezustekoa eta erakustaldia izan ziren; bigarrenean, ostera, emozioa. Aritz Erkiaga ispastertarrak eta Unai Lekerika gernikarrak osatutako bikotea, lehen jardunaldian Iñaki Osa Goikoetxea eta Eric Irastorza beteranoen aurka irabazi ondoren, hautagai nagusi modura iritsi zen bigarren partidura. Dena dela, aurkari sendoak topatu zituzten Xabi Barandika gernikarra eta Nicolas Etcheto bidartarrarengan. Barandikak eta Etchetok 11-15 eta 14-15 irabazi zituzten partiduko bi setak. Emaitza horregaz, bete-betean sartu ziren txapelketan, eta sasoi puntu bikainean daudela erakutsi zuten.
Etcheto izan zen partiduko izarra: lider lanak egin zituen, maila itzeleko partiduan jokatu zuen eta urrats bat aurrera egin zuen momenturik gaitzenetan; Barandikak asistentzia lana egin zion Etchetori, eta hura ere maila onean agertu zen. Une honetan, Donostia Grand Slameko parte hartzaile denetatik sasoirik onenean dagoen bikotea da. A multzoko ahulena eman arren, zapatuko erakustaldi apartagaz, lehiaketa irabazteko hautagaitzaren korrontera sartu ziren. Erkiagak eta Lekerikak, euren aldetik, ez zuten lortu partiduan behar bezala sartzea; hori bai, setak indar handiz borrokatu zituzten, eta hurre egon ziren berdinketa haustea sortzeko.
Berdintasuna eta tentsioa. Bigarren norgehiagokan emozioa izan zen protagonista nagusia; gainera, frontoira atera ziren lau puntistek egundoko maila erakutsi zuten. Jean Olharan pautarra eta Julen del Rio gasteiztarra gogotsu atera ziren Alex Hormaetxea bermeotarraren eta Jon Bullet Zabala markina-xemeindarraren kontrako partidura, eta lehenengo setean jaun eta jabe izan ziren: 12-15. Bigarrenean, baina, beraien aurkariek markagailua irauli zuten, eta 15-14koa lortu. Bero handiagaz eta berdintausn handiagoagaz heldu zioten bi bikoteek berdinketa hausteari: Olharan eta Del Rio nagusitu ziren, 5-2ko markagailuagaz.
Donostia Grand Slam txapelketak datorren zapatuan jarraituko du, lehen faseko hirugarren jardunaldiagaz. Horrenbestez, aste honetan jakingo da taldeak zeintzuk izango diren eta zein bikotek lortuko duten finalaurrekoetarako txartela. A taldeko sailkapena zabal-zabalik dago, eta B multzoan, aldiz, Hormaetxea eta Zabala kanporatuta daude. Gainontzeko bi bikoteak, berriz, sailkatuta daude, baina oraindik ordena jakitea falta da. Finalerdietako partiduak ekainaren 4an izango dira: A multzoko lehenengoa B multzoko bigarrenaren kontra eta B taldeko lehenengoa A taldeko bigarrenaren kontra lehiatu beharko dira. Donostia Grand Slameko final handiari dagokionez, ekainaren 11n izango da. Bien bitartean, Carmelo Balda frontoiak zesta puntarik onenaren gordeleku izaten jarraituko du.