Dakarren harrapatutako atunontzien egoera konpontzeko eskaera
EH Bilduko senatari Idurre Bidegurenek Senegalen harrapatuta dauden lau atunontzien egoera konpontzeko eskaera egin dio Espainiako Gobernuko Nekazaritza eta Arrantza ministro Luis Planasi.
Dakarreko (Senegal) kaian mugitu ezinik jarraitzen dute Euskal Herriko lau atunontziek, Senegalgo Gobernuak Europar Batasunarekin zuen akordioa hautsi eta arrantzarako baimena ukatu ondoren. Lau atunontzietako bi Bermeokoak dira; gainontzeko biak, ostera, Getariakoak eta Hondarribikoak.
Idurre Bideguren EH Bilduko senatariak kezka mezua helarazi dio Espainiako Gobernuko Nekazaritza eta Arrantza ministroari, Luis Planasi. Bidegurenek adierazitakoaren arabera, “atunontzi bakoitzeko, 13.000 euroko prezioa ordaindu dute, lizentzia lortu ahal izateko; baina, dena dela, ezin dira itsasora eta arrantzatzera atera, Senegaleko Gobernuak ez dielako hori baimentzen, Europako Batasunagaz sinaturiko akordioak bete-betean urratuz”. Egoera konpontze aldera, “urgentziazko neurriak aktibatzea” eskatu ditu alderdi abertzaleko kideak: “Espainiako Gobernuak oraintsu onartu duen deskontutik (litro bakoitzeko hogei zentimokoa dena) kanpo geratu direlako Euskal Herriko hainbat eta hainbat atunontzi”.
Konponbide eskean agertu da Bideguren: “Ez dute laguntza publiko hori jasoko Ozeano Atlantikoan, Indiako Ozeanoan edota Ozeano Barean nabigatzearren; baina, bien bitartean, beste herrialde batzuetako itsasontziek badute aukera beherapen hori probesteko”.