Sukarrietako Udalak hondakinen bilketa hobetu du herrian
Edukiontziz osatutako guneak sortu dituzte San Andres plazan eta Marisma parkean, eta orain Portuondo Biden egokituko dituzte. Horiek bide publikotik ateratzea eta birziklatzeko guneak sortzea da asmoa.
Hiri hondakinen bilketan eta kudeaketan hainbat hobekuntza lan egin ditu Sukarrietako Udalak. Herritarrei zerbitzu erosoagoa eta funtzionalagoa eskaintzea bilatu dute lanokin, baita birziklatutako hondakinen ehunekoa handitzea eta erraustu beharreko hondarren frakzioak murriztea ere.
Izan ere, udalak udalerriko birziklapen datuak hobetu gura ditu, Europar Batasunak eskatzen dituen hondakin birziklagarrien ehunekoetara hurbiltzeko. Horrez gainera, Sukarrieta “herri garbiagoa” izateko asmoz, zaborrak batzeko zerbitzua hobetzea ere helburu du, herritarrei zerbitzua hurbiltzeko eta errazteko.
Hondakin organikoak batzeko asmoz, gainera, bosgarren edukiontzia jarri dute herrian, eta herritarrei edukiontziak zabaltzeko giltza banatu diete, baita poltsa konpostagarriak, biltzeko ontziak eta horien erabilerari buruzko informazioa zabaldu ere. Orain, zerbitzua hobetu gura izan du udalak, eta “beharraren eta erabileraren gorakadaren ondorioz”, bosgarren edukiontzi horiek eremu berrietara eroan dituzte, errefusako edukiontziagaz batera jarriz.
Arropa edo tresnak –liburuak, janaria prestatzeko tresnak edo etxeko tresna elektriko txikiak– biltzeko edukiontzi zuria ere jarri du herrian udalak: “Edukiontzi hori Portuondo Biden jarri dute, aurretik zaborrontzi orokorrean amaitzen zutelako edo erabilera orokorreko edukiontzietara botatzen zituztelako; arropa eta etxeko tresnak berrerabiltzea bilatu dute edukiontzi zuriagaz. Izan ere, horiek botatzeko beste herri batzuetara joan behar izaten ziren Sukarrietakoak, baina orain herrian dute birziklatzeko aukera”. Gogoratu dute aldundiaren hondakin anitzeko edukiontzia ere hurreratzen dela herrira batzuetan, pilak, etxetresna elektriko txikiak, CD-ak, tonerrak eta abar birziklatzeko.
Era berean, papera eta kartoia zein ontziak batzeko metalezko edukiontziak ordezkatu dituzte. “Gainera, papera eta kartoia biltzeko edukiontzien kopurua handitu egin da edukiontzi horiek gainezka egiten zuten puntuetan: autobus geltokian, Zehar Bideko begiratokian, Portuondoko pantalanaren igoeran edo Eliza Bidean”, azaldu dute udal arduradunek.
Ahalegin horren osagarri modura, udalerriko hondakinen edukiontziak aztertu eta birbanatu dituzte, horiek bide publikotik ateratzea eta birziklatzeko guneak sortzea baita udalaren asmoa. Hori dela eta, edukiontzien guneak eratu dituzte San Andres plazan eta Marisma parkean, eta, orain, Portuondo Biden jartzeko asmoa dute. Abaroa auzoan ere zaborra batzeko gune bat egitea aurreikusi dute: “Abaroako irteeratik gertu eraikiko diren etxebizitzen urbanizazioaren obra aprobetxatuko da eremu horri zerbitzu ordenatua emango dion zaborren gune bat egiteko”.
Balorazioa.
Ekintza horiek guztiak eginda, papera, beira, ontziak, olioa, hondakin organikoak eta bigarren eskuko tresnak eta arropak gaika biltzea lortu dutela diote udal ordezkariek, eta, ondorioz, zehaztu dute “izugarri” murriztu dela errefusa edo hondar hondakinen bolumena eta pisua, errausketara eramaten dena.
Udalak lan horregaz jarraitu gura du, baina horrek herritarrak kontzientziatzea eskatzen duela badaki, baita edukiontziak arduraz erabiltzea suposatzen duela ere. Horregatik, herritar guztiei ingurumena hobetzen laguntzeko eta lanean jarraitzeko deia egin diete.