Kortezubin, Gautegiz-Arteagan eta Ajangizen gazteentzako udalekuak antolatu dituzte
Urremendik antolatutako udalekuak 9 eta 14 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude. Eskualdeko udalekuez gain, Gautegiz Arteagan eta Kortezubin, udalak antolatutako udalekuak egongo dira.
Urremendi Landa Garapen Elkartearen eskutik antolatutako udalekuak egongo dira Kortezubin, Gautegiz-Arteagan eta Ajangizen.
Uztailaren 4an hasi eta 15a bitartean izango dira udalekuak. Umeak 10:00etan batuko dituzte monitoreek, eta 14:00ak arte mota askotako ekintzak egiten ibiliko dira.
Egun bakoitzerako antolatuko diren ekintza desberdinak Axi Ekitaldiaken kargu egongo dira. Inguruko herriak bisitatzeaz gain, kayak txangoa, stand up paddlea edota mendiko irteerak egingo dituztela azaldu dute.
Hiru herrietan maiatzaren 20ra arte egongo da izena emateko aukera.
Udalek antolatutako udalekuak. Gautegiz Arteagan eta Kortezubim, gainera, udalek antolatutako udalekuak ere egongo dira aukeran.
Gautegiz Arteagan, esaterako, ekainaren 27an hasiko dira, eta uztailaren 22ra arte iraungo dute. 3 eta 10 urte bitarteko umeei zuzenduta daude, eta udalekuetako gai nagusia Euskal Herriko Jaiak izango dira.
Partehartzeko bi aukera egongo dira: aste guztietarako izena eman daiteke edota txandatan egiteko aukera ere badago. Lehen txanda, ekainaren 27tik uztailaren 8ra izango da; bigarrena, berriz, uztailaren 11tik 22ra. Udalekuetako ordutegia 10:00etatik 14:00etara da. Hala ere, zaintzarako aukera ere badago, 09:00etan hasita. Ekainaren 4ra arte egongo da izena emateko aukera. Izena emateko bete beharreko orriak udalaren webgunean eta Kultur Etxean daude eskuragarri. Erroldatutako haurrek lehentasuna izango dutela adierazi dute.
Kortezubin, 4 eta 9 urte bitarteko neska mutileei zuzendutako udalekuak izango dira; 09:30etik 13:30era egingo dira. Maiatzaren 20ra arte izena eman daiteke udala@kortezubi.eus-era idatzita, 94-625 50 53 telefono zenbakira deituta edo udaletxean bertan.