Muruetan, Lumon, Ajangizen eta Nabarnizen San Isidroak ospatu dituzte asteburu honetan
Eguraldiak lagunduta, asteburu edarra bizi izan dute San Isidroak ospatu dituzten herrietan. Jendeak, berriz ere Herriko Jaiak ospatzeko izan dituen gogoak nabaritu dira.
San Isidroak ere bueltan dira bi urteren ostean. Aurton nekazarien zaindarien eguna igandez izan bada ere, asteburu guztian zehar egon dira ospakizunak Muruetan, Lumon, Ajangizen eta Nabarnizen.
Muruetan giro ederra bizi izan zen zapatuan zein igandean. Muruetako alkate Julen Karrionek aitortu duen modura, “jendeak gogo asko” zeuzkan berriz ere herri guztia jai giroan batzeko. Zapatuan, Herri Bazkaria antolatu zuen udalak, eta ehun pertsona inguru batu ziren elizpean; “ekitaldi bereziena” izan zela adierazi du alkateak.
Domekan, Muruetan tradizio handia duen bolo txapelketan elkartu ziren herritarrak, eta “arrakasta itzela” izan zela dio Karrionek. Gainera, arratsaldeko zaldi probak “espero bezain ondo” joan zirela azaldu du.
Muruetarrez gain, lumotarrek ere bizi-bizi dute San Isidro eguna. Tradizioaren sugarrak bizirik dira Lumon, eta ohiturari jarraituz, meza ospatu eta prozesioan atera zuten santuaren irudia plazara.
Nabarniztarrak, berriz, pintxopotean elkartu ziren domekan. Meza entzun ostean, Herriko tabernan eta Nabarniz Jatetxean denetariko pintxoak dastatzeko aukera izan zuten, udalaren kontura, eta EinGo Eskolako trikitilari gazteek alaituta.
“Egun arrakastatsua izan zen, herritarretatik aparte, inguruko herrietako bizilagunak ere bertaratu baitziren Nabarnizera. Jai giro ederrean elkartu ginen”, adierazi du Bernardo Goiriena udal zinegotziak. Izan ere, herriko plaza, tabernak, eta txoko inguruak “girotuta” egon ziren.
Egun handiak ajangiztarrentzat.
Jai giroak ez du etenik Ajangizen. Ohiturari jarraituz, Saragiaren igoera egin zuten barikuan, eta jai giroa herriko plazara eroan zuten zapatuan. Pertxamendi txokoan mus txapelketan batu ziren, eta, jarraian, sardina jana izan zuten plazan. Domekan, berriz, hamaiketako herrikoiaz ospatu zuten nekazarien zaindariaren eguna.
San Isidro eta San Asensio festak, baina, ez dira amaitu Ajangizen. Herriko jai nagusiak dira, eta egun handiak ospatzeko dituzte oraindik ere. Kontzertuek hartuko dute barikuan herriko plaza: Toc, Lehiotikan, Unidad Alavesa eta Dj Ramix izango dira aurten Mendietako plaza musikatzeaz arduratuko direnak.
Domeka mendizaleen eguna izango da, Ajangizko Mugari biran elkartuko baitira herritarrak. Goiztiarrenak 08:30ean batuko dira Mendietan, 19 kilometroko bidea izango baitute aurretik, eta, ordubete beranduago, 09:30ean, 11 kilometroko bira egitera animatzen direnek izango dute irteteko ordua. Zehaztu dutenez, izena ematea egunean bertan izango da, martxak hasi baino ordu erdi lehenago.
Maiatzaren 26an, berriz, asentzio eguna ospatuko dute ajangiztarrek, briska txapelketagaz eta txokolate janagaz. Maiatzaren 28an, sukalki egunean murgilduko dira, bazkari herrikoian elkartuz. Puzgarriak eta disko festa izango dute aukeran etxeko txikienek.