Martxan dago 32. Eskolarteko Antzerki Astea
Gaur hasi eta eguenera bitartean Eskolarteko 32. Antzerki Astean murgilduko dira Gernika-Lumoko ikasleak. Lizeoko oholtza gainera aterako dira 90 antzezle inguru.
Bueltan da Gernika-Lumoko Eskolarteko Antzerki Astea. Udalerriko zentroetako ikasleak oholtza gainean batzen dituen astea abiatu dute gaur Mertzede Ikastetxeko eta San Fidel Ikastolako ikasleek, eta eguenera bitartean, udalerriko 90 ikasle inguru igoko dira Lizeo Antzokiko agertokira. Bertan bildu dira gaur aurtengo lehenengo antzezle zein ikusleak, eta emanaldi bikainez gozatzeko aukera izan dute.
Mertzede Ikastetxeko LH 6. mailako Inazio nekazaria antzezlanak eman dio hasiera antzerkiaren asteari, eta gero, San Fidel Ikastolako LH 3. mailako ikasleen txanda iritsi da. Gaixo Tranpatiak eta Gaiztoa izan nahi ez zuen otsoa izeneko emanaldiak eskaini dituzte.
Bihar, berriz, saio bakarra egongo da 11:00etan. Jimy Pottoloikasturtean landutako antzerkia taularatuko dute Barrutia Ikastetxeko LH 6. mailakoek. Eta, azken egunean, euren antzerkiak agertokian erakusten azkenak izango dira Barrutialde Institutuko ikasleak; DBH 2. mailako antzezkeek Antigone mitoa lana erakutsiko dute.
Oholtzaratzen diren ikasleez gain, ekitaldi bakoitzera zentro bereko ikasleak gerturatuko dira.
Ikasturteko lanaren erakusleihoa. Umeak gizarteratzeko bidea jorratzea, eta euskararen erabilpena areagotzea eta ahozkotasuna lantzea helburu hartuta, udalerriko lau zentrotako 90 bat antzezle taularatuko dira, beste 1.000 ikasle ingururi landutakoa erakusteko.
Pandemiako urte gogorretan salbu, 31 urtez eutsi diote egitasmoari, eta antzerki astearen atzean “ikaragarrizko” lana dagoela zehaztu dute arduradunek: “Lan handia dago, bai udalerriko irakaskuntza zentro guztietako ikasleena, bai begirale, bai irakasleena”.
EGITARAUA:
- Maiatzak 17. 11:00etan, Barrutia Ikastetxeko LH 6. mailako ikasleek “Jimy Pottolo” lana antzeztuko dute.
- Maiatzak 19. 11:00etan, Barrutialde Institutuko DBH 2. mailako ikasleek “Antigone Mitoa” antzerkia taularatuko dute.