Maila handia, polemika eta giro ederra
Aritz Erkiagak eta Unai Lekerikak Donostia Grand Slam txapelketa bereganatzeko hautagaitza erakutsi dute, Goikoetxea eta Irastorzaren aurka. Diego Beaskoetxeak eta Imanol Lopezek ere garaipen estua lortu zuten, Alex Hormaetxearen eta Jon Zabalaren kontra.
Lehen jardunaldiko bigarren partiduak, berriz, emozio handiagoa izan zuen. Alex Hormaetxea bermeotarra eta Jon Bullet Zabala markina-xemeindarra Diego Beaskoetxea gernikarraren eta Imanol Lopezen kontra aritu ziren, eta ikuskizun ederra eskaini zuten laurek. Lehenengo setean, Beaskoetxea eta Lopez nagusi agertu ziren, 15-9, set borrokatua izan arren. Hormaetxeak eta Zabalak, baina, berdinketa eskuratu zuten, 15-12ko partziala lortuta. Berdinketa haustean, Beaskoetxeak eta Lopezek polemikaz beteriko 5-3koa erdietsi zuten. Izan ere, Hormaetxearen hegaleko jaurtiketa bat, hasieran ona zela eman arren, txartzat jo zuten epaileek, justu 4-3koagaz zeudela. Horrelaxe apurtu zuten berdinketa.
Busturialdeko puntistek hurrengo jardunaldian ere jokatuko dute. Zapatuan izango da, hori ere 17:00etan hasita. Erkiagak eta Lekerikak Xabi Barandika gernikarra eta Nicolas Etcheto hartuko dituzte; Hormaetxea eta Zabalak, ordea, Olharan eta Del Rio.