Denboraldi zail baten balorazio positiboa
SD Gernika Club taldeak CD Multiveraren kontrako porrotagaz bukatu du 2021/2022 denboraldia. Estreinakoz aritu dira RFEF 2. mailan, eta playoffetatik hurre ibili dira. Hurrengo denboraldiari begira, ahalik eta mailarik onena erakustea eta lehenengo bostetan sailkatzea izango dituzte helburu.
SD Gernika Club futbol taldeak 2021/2022 denboraldia amaitu berri du. Azken partidua domekan jokatu zuten, 12:00etan hasita, Urbietan. Partidu horretan CD Mutilvera taldearen kontra jokatu zuten, eta 0-1 galdu. Iazko denboraldi amaiera arrakastatsuaren ostean, aurtengoa “erronka urtea” izan da Gernika-Lumoko taldearentzat. Izan ere, iaz hirugarren mailatik RFEF 2.mailara igo ziren, eta, horrenbestez, “konfirmaziorako denboraldia” izan dute aurten, Koldo Berasaluze taldeko kapitainaren berbetan: “Denboraldiaren hasieran, maila berria izanik, ahal bezain hoberen eustea eta partidu guztietan gure mailarik onena erakustea izan genuen helburu”. Hasierako jomuga hori aintzat izanda, baina, SD Gernika maila onean ibili da urte osoan zehar, eta, hortaz, helmuga aldatu zuten: playoffetara sailkatzea bilatu zuten.
“Taulako goiko postuetan ibilita, planteatu genuen playoffak helburu polita izan zitezkeela; dena dela, denboraldia fisikoki luze samarra egin zaigu, eta, amaitzeko bi partidu falta zitzaizkigunean, playoffen lehiatik kanporatuta geratu ginen”, azaldu du Berasaluzek. Borroka horretatik kaleratuta geratuta, taldeak sailkapeneko erdialdean burutu du denboraldia. Lantalde barruan, gainera, zenbait gorabehera izan dituzte: “Talde berri samarra izan dugu, baina dezente ondo moldatu gara maila berrira; dena dela, azaro aldera, taldeko hiru kapitainek, zenbait arazo tarteko, Gernika utzi egin zuten, eta gerora beste jokalari esanguratsu bat ere joan egin behar izan zen, lan kontuengatik”. Berasaluzeren ustez, hiru kapitainen irteera “inflexio puntu garrantzitsua” izan zen: “Nire burua kapitain modura ikusi nuen bat-batean, eta aitortu behar dut hiru jokalariok bai futbolari bezala, bai pertsona bezala niretzat erreferenteak zirela”.
“Taulako goiko postuetan ibilita, planteatu genuen playoffak helburu polita izan zitezkeela”
Hiru kapitainez gain, orain arte entrenatzaile ibilitako Oscar Valesek ere postua utzi du, eta zuzendaritzak ez du argitu zein izango den bere ordezkoa. Hori dela eta, futbolariek oraindik ez dute hurrengo denboraldirako egutegi finkorik. Partiduak abuztu amaieran hasita, uztail erdialdean aurredenboraldiari ekitea espero dute. Bestalde, Berasaluzek adierazi du Urbietak, aurten, ez duela “beste batzuetan beste” erantzun: “Egia da Urbieta ez dela sekula zelairik jendetsuena izan, baina aurtengo denboraldian, talde barruan geratu den guztiagaz, jende are gutxiago egon da harmailetan”. Zentzu horretan, “taldearen eta ikusleen arteko kohesioa” berreraiki beharra dagoela azaldu du egungo kapitainak. Bere etorkizuna zein izango den zehatz-mehatz ez dakien arren, taldearen batezbesteko maila zein den argi du: “Seguru nago Gernikak RFEF 2. kategoriari eusteko besteko maila duela; beraz, taldearen izaera erakustea eta taulako lehen bostetan sailkatzea izan beharko lirateke hurrengo denboraldiko helburuak”.