Bertoko museoek bat egingo dute Museoen Nazioarteko Egunarekin
Maiatzaren 18an, etzi, ospatuko da Musoen Nazioarteko Eguna. 'Museoen boterea sentitu' lelopean aurkeztu du ekimena Bizkaiko Foru Aldundiak.
Maiatzaren 18an, Museoen Nazioarteko Eguna dela baliatuz, inguruko museoetan Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Museoen Boterea Sentitu ekimena ospatuko dute.
Museoek urte guztian eskaintzen dituzte erakusketa eta ekintza desberdinak. Hori goraipatzeko asmoz antolatu du aldundiak egun hau. Lorea Bilbao Ibarra Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak honako hau adierazi du: “Bizkaian urte osoan zehar dagoen museoen eskaintza zabala aldarrikatu nahi dugu, herritarrek ezagutu dezaten Bizkaian 40 museo eta ondare zentro baino gehiago daudela”.
Museoen Nazioarteko Eguna etzi den arren, egun horretan hasi eta hurrengo bi asteetan, gaiarekin lotutako ekimen desberdinak eskainiko dituzte.
Busturialdean ospakizun honekin bat egingo duten museoak hurrengo hauek dira: Arrantzaleen Museoa (Bermeo), Santimamiñe (Kortezubi), Ekoetxea Urdaibai (Busturia), Urdaibai Bird Center (Gautegiz Arteaga), Euskal Herria Museoa (Gernika-Lumo) eta Bakearen Museoa (Gernika-Lumo).
Egun honeri oihartzuna eman asmoz, Foru Aldundiak sare sozialen bidezko kanpaina bat sortu du. Zer sentitzen duzu museo bat bisitatzen duzunean? galderi horri bideo baten bidez erantzuteko aukera ematen dute Instagram edo Facebook sare sozialen bidez. Bideo bat igoten duten guztien artean, edozein museotarako bi sarrera zozkatuko dituzte.
Ekimen honetan Bizkaiko 44 museok parte hartuko dute.