Arrolapeko korrikalariak, Euskadiko Trail Txapelketako goiko kotan
Oihane Perez emakumezkoen kategorian hirugarren postuan sailkatu zen Domusa Teknik 40 MLK proban. Gainera, Arrolape Mendi Klubekoek talde modura ere podiuma zapaldu zuten, taldekako sailkapenean bigarren amaiturik.
Zapatuan, Euskal Herriko mendi lasterketen egutegiko probarik gogorrenetako bat lehiatu zen Azpeitian: Domusa Teknik 40 MLK. Proba horren lehen aldi horretan izan ziren, besteak beste, Arrolape Mendi Klubeko lasterkariak. Arrolapetarrek emaitza oso onak erdietsi zituzten bai bakarka, bai talde bezala. Batik bat, Oihane Perezek egindako lasterketa bikaina nabarmendu zen: emakumezkoen kategoriako podiumera igotzea lortu zuen gernikarrak, hirugarren postuan amaitu ostean.
Ultradistantziako proba hori Azpeitian hasi eta bukatu zen, eta ibilbidea 65 kilometrokoa izan zen, 3.700 metroko desnibel metatuagaz. Ibilbidearen gogortasunari, gainera, zapatuan egindako eguraldiaren faktore erabakigarria gehitu zitzaion; izan ere, irteera lerroan mendirako giro eguzkitsu paregabea izan arren, orduek aurrera egin ahala, beroak izugarri estutu zituen korrikalarien gorputzak. Parte hartzaileetako askok eta askok amore eman behar izan zuten bero gogaikarriagatik, eta lasterketa utzi zuten. Ibilbidean zehar, eguzkiaren errainuentzako babeslekurik gabeko eremu nahiz tontor askotatik igaro ziren: Arroita edo Arauntza (612 metro), Sañu (616), Gazume (1002), Hernio (1078), Murumendi (868), Izaspi (973), Hiruarrieta edo Samiño (933) eta Xoxote (912).
Oihane Perez: “Xoxote inguruan, azken hamalau kilometroetan, nekatuta sentitu nintzen, eta handik helmugara artekoa benetan luzea egin zitzaidan”
Aritz Egea eta Oihana Azkorbeitia izan ziren garaileak gizonezkoen eta emakumezkoen probetan, hurrenez hurren. Egeak 06:01:32ko denbora behar izan zuen ibilbidea osatzeko; Azkorbeitiak, ostera, 07:17:22koa. Horrenbestez, biak ala biak Euskadiko trail txapeldun izendatu ziren, ultradistantzia mailan. Gizonezkoen podiuma Igor Mantzizidorrek eta Pello Berrizbeitiak osatu zuten; lehenengoa garailearengandik 29:29ra helmugaratu zen, eta bigarrena, aldiz, 36:00ra. Proba horretan parte hartu zuen, besteak beste, Unai Martin gernikarrak ere, 08:13:33ko denbora eginda. Martinek “izugarri” sufritu zuen probaren erdialdean, adierazi duenez: “Beroak gogor jo zidan; irteera oso ona egin nuen, onenen pare ibili nintzen, baina beroagaz momentu oso txarrak pasatu nituen, eta, amaieran, oso justu iritsi nintzen helmugara”.
Emakumezkoen lasterketan, Leire Baraibar izan zen bigarrena, Azkorbeitiarengandik 39:53ra. Gernika-Lumoko korrikalari Perezek, ostera, 59:05 gehiago behar izan zuen, podiuma osatzeko. Arrolape taldekoak adierazitakoaren arabera, “proba oso polita” izan zen, baina amaieran dezente sufritu zuen mailari eta podiumari eusteko: “Xoxote inguruan, azken hamalau kilometroetan, nekatuta sentitu nintzen, eta handik helmugara artekoa benetan luzea egin zitzaidan”. Dena dela, sasoi puntu bikainean dagoela erakutsi du Perezek: Jaenen Espainiako Trail Txapelketa lehiatu berri du, Viveiron maila handian ibili da Euskal Selekzioagaz eta Gernika-Lumoko Mendi Jaian ere nagusi izan da. Gainera, datozen probei begira dago, jadanik: “Hiru aste barru, VIII. EH Mendi Erronka proban izango naiz, eta uztailean Ehunmilak Ultra-Trail izenekoa lehiatuko dut; bigarren horrek distantzia oso luzea du, eta nire mailarik onena eskatuko dit seguru”.
Taldeka ere maila onean. Kluben arteko sailkapenean bete-betean sartu zen Arrolape Mendi Kluba, bere korrikalarien maila bikaina tarteko. Izan ere, taldekako bigarren postuan sailkatu ziren; irabazlea Gaikar Zortzietakoak taldea izan zen, eta podiumeko hirugarren postuan, berriz, Lagun Onak MB Azpeitia sailkatu zen.