Gernika-Lumon, gaurko egunez, duela 47 urte gertatutakoa gogoan izateko, 47 lore jarri dituzte. 'Mutriku'-k idatzi zuen 'Kapitalismoa' abestiaren bertsio bat kantatu du Tximinok ekitaldian.
47 lore, duela 47 urte erail zituzten Iñaki Garai, Blanca Salegi eta Jesus Mari Markiegi Mutriku-ren omenez. Hiru horiek gogoan izateko Juan Kaltzada 47an jarrita daukaten plakaren aurrean bildu dira goizean, Askatasun Haizea herri ekimenak antolatuta.
Askatasun Haizea herri ekimenekoek azaldu dute 1975.urteko maiatzaren 14an gertatu zena. Dioetenez, beraien etxean ETAren zenbait miltante zituzten gordeta Salegik eta Garaik, eta haien bila joan zen Guardia Zibila. Sarekadan Garai eta Salegi tirokatu zituzten, hil arte, eta ezkutuan zeudenek alde egin zuten, Guardia Zibilei aurre eginez. Ihesaldi hartan, Guardia Zibilaren sargentu bat tiroz hil zutela azaldu dute ekitaldiaren antolatzaileek, eta Guardia Zibilek ETAko kidea zen Jesus Markiegi zauritu zutela. Ajangizera ihes egin zuen Markiegik, baina Guardia Zibilak han atzeman eta tiroz hil zuten. “Markiegiren gorputza biluzik izan zuten ordu luzez Gernikako indar okupatzaileen kuartel inguruan, izara garden batez estalita. Hau guztia frankismoaren azken ezepzio egoerak irauten zuen bitartean gertatu zen”, gogoratu dute ekitaldian.
Garai hartan kartzelan egon zen Karmele Allika bermeotarrak ere parte hartu du gaurko ekitaldian, eta sasoi hartan kartzelatik bizitakoak kontatu dizkie bertaratutakoei.
Ezaguna da Mutrikuk idatzi zuen Kapitalismoa abestia, eta gaurkoan gitarra eskuetan duela haren bertsioa kantatu du Tximino bermeotarrak. Gainera, Enrike Ruiz de Gordoak Mutrikuri idatzitako olerki bat irakurtzeko tartea ere hartu dute.
Lepoan hartu eta segi aurrera abestuta, lore eskaintza egin dute, eta Eusko Gudariak abestuz amaitu dute gaurko ekitaldia.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.