Hegazti Migratzaileen Mundu Mailako Eguna, Urdaibai Bird Centerren
Muxikako Urretxindorra eta Gautegiz Arteagako Montorre herri eskolako ikasleek ikasturtean zehar mokozabalei buruz egin dituzten lanak eta esperientziak trukatuko dituzte bihar. Domekan, berriz, eraztunketa zientifikoa egingo dute 10:30etik 11:30era bitartean; izena ematea beharrezkoa da.
Urtero legez, maiatzaren 10ean Hegazti Migratzaileen Eguna ospatzen da mundu mailan, eta egun horri loturiko hainbat ekitaldi antolatu ditu Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Centerrek.
Muxikako Urretxindorra eskolako eta Gautegiz Arteagako Montorre herri eskolako ikasleek, esaterako, ikasturtean zehar mokozabalei buruz egin dituzten lanak eta esperientziak trukatuko dituzte bihar. Jarduera horretan, eurekaz batera, Herbehereetako Tesrcheling uharteko eskola batek parte hartuko du; eskola hori Urdaibaira ailegatzen diren hegaztien migrazio ibilbidearen hasieran dago kokatuta. Jarduera horren helburua eskola umeak protagonistak izatea da, “euren esperientziak eta eskola bakoitzak hegaztien eta haien migrazioei buruz egindako lana kontatzeko eta partekatzeko”.
Domekan, berriz, eraztunketa zientifikoa egingo dute 10:30etik 11:30era bitartean; hegaztien eraztunketa zientifikoa zelan egiten den erakutsiko dute zentroko biologoek. Saio horretarako lekuak mugatuak dira, beraz, parte hartzeko beharrezkoa izango da izena ematea, eta, horretarako, hurrengo telefono zenbakira deitu beharko da: 699 83 92 02.
Era berean, parte hartzaileek Gautegiz Arteagako paduran dauden behatokietatik eta zentrotik bertatik hegaztien behaketaz gozatzeko aukera izango dute. Izan ere, udaberriko migrazioarekin bat egiten du Hegazti Migratzaileen Egunak eta Europako kontinentearen iparraldeko hazkuntza eremuetara zuzentzen diren hegazti ugari ikusteko aukera dago egunotan.
Besteren artean, Urdaibaira hurbildu den arrano arrantzale berri bat ikusi ahalko da, frantziar jatorriko arrano arrantzalea duela egun batzuk iritsi baitzen Urdaibaiko Biosferaren Erreserbara. Hori dela eta, hegaztiak behatzeko zentroa 11:00etatik 19:00etara zabalik egongo da.
Argi kutsadura eta hegaztiak.
Hegazti Migratzaileen Eguna ospatzeaz gain, argi kutsadurak hegazti migratzaileengan duen eragina ere aztertuko dute aurten. Izan ere, argi kutsadurak hegaztien portaera alda dezake, migrazioa, elikagai bilaketa eta kantuzko komunikazioa barne. Horrek, neurri handi batean, hegaztien jarduera mailari eragiten diola adierazi dute zentroko arduradunek, “harrapatuak izateko eta talka hilgarriak izateko arriskuan jartzen baititu”.