Goi mailako zesta puntaren epizentro izango da Donostia
Donostia Grand Slam 2022 aurkeztu dute. Etzi hasiko da, eta finala ekainaren 11n izango da. Partidu guztiak Donostiko Carmelo Balda frontoian izango dira, 17:00etan hasita.
Etzi hasita eta ekainaren 11 bitartean, Donostiko Carmelo Balda pilotalekuak Donostia Grand Slam 2022 zesta punta txapelketa hartuko du. Lehiaketa hori Jai Alai World Tourren barruan kokatuta sortu dute, eta egungo puntistarik esanguratsuenetako batzuk bilduko ditu. Kontxako badian, Donostia Hiria ontzian, aurkeztu dituzte txapelketaren nondik norakoak. Bertan izan dira, besteak beste, zein baino zein gehiago ibiliko diren hamabi pilotariak, ekimena babesten duten erakundeetako nahiz enpresetako ordezkariekin batera. Aurkezpen agerraldian, ahotan izan dute zesta puntarentzako “garai latzak” direla, eta Jai Alai Winter Series moduko txapelketek, kirol hori hauspotzeko bidean, “lan izugarria” egiten dutela adierazi dute.
Donostia Grand Slamean egongo dira Busturialdeko puntistak. Izan ere, Unai Lekerika gernikarrak bikotea osatuko du Aritz Erkiaga ispastertarragaz, eta Xabi Barandikak gauza berbera egingo du Nicolas Etchetogaz. Horrez gain, Alex Hormaetxea bermeotarra Zabala markina-xemeindarragaz ariko da, eta Diego Beaskoetxea, ostera, Imanol Lopezegaz. Donostia Grand Slameko parte hartzaileak bi multzotan banatu dituzte, eta bakoitzean hiru bikote daude. A taldean, Goikoetxea-Irastorza, Erkiaga-Lekerika eta Barandika-Etcheto bikoteak daude; B taldean, aldiz, Beaskoetxea-Lopez, Hormaetxea-Zabala eta Olharan-Del Rio.
Neurketa denak 17:00etan abiatuko dituzte, eta, hain zuzen ere, lehen jardunaldia oso gogor hasiko da: zapatuan, Erkiagak eta Lekerikak Goikoetxea eta Irastorzaren kontra jokatuko dute; 18:30ean, Hormaetxea eta Zabala Beaskoetxea eta Lopezen aurka ariko dira. Barandikak eta Etchetok, berriz, hilaren 21ean jokatuko dute. Gernika-Lumokoak, Bidartekoagaz batera, Winter Seriesean bikotekide izandako Lekerikaren eta aurkari izandako Erkiagaren kontra jokatuko du. Finalaurrekoak ekainaren 4an jokatuko dituzte, eta final handia, ostera, ekainaren 11n izango da.