Oroitzapenerako orkestra lana
‘Gernika 85’ obra sinfonikoa prestatzen ari da Aitor Etxebarria. Ekainaren 30ean aurkeztuko du Bilbon, baina bere lehen orkestra lan handiaren zertzeladak erakutsi ditu Gernika-Lumon.
Hari instrumentuak, haize instrumentuak (metalezkoak zein zurezkoak) eta perkusioa. Horiek guztiak batzen ditu orkestra sinfoniko batek. Oinarrizko sail horiez gain, beste zenbait instrumentu ere izan ditzake, harpa eta pianoa, esaterako. Eta soinu horiek guztiak instrumentu elektronikoekin eta testigantzekin nahasiz, bere lehenengo obra sinfonikoa sortzear dago Aitor Etxebarria: Gernika 85.
Konpositore garaikidearen proiekturik “pertsonalena eta handiena” da, 2017an abiatu zuena. “Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrenean Markak dokumentalerako soinubanda sortu eta hainbat lekutan aurkeztu nuen: New Yorken, Berlinen, Mexicon, Londresen… Eta biran geundela bonbardaketari buruzko obra propio bat egiteko ideia otu zitzaidan: 85. urteurrenerako obra sinfoniko bat”, azaldu du musikari gernikarrak.
Obra handi bat sortzea zen bere asmoa, “gogoa” zeukan eta orkestra sinfoniko bategaz lan egiteko: “Orduan hasi nintzen lehenengo zirriborroak egiten, eta azken bizpahiru urteetan buru-belarri aritu naiz lanean”.
Izan ere, obra sinfoniko bat sortzen duen lehen aldia da, eta “erantzukizun handia” sentitzen duela aitortu du, baita beretzako erronka berria dela ere. “Beti saiatzen naiz zerbait berezia eta desberdina egiten. Erronka berri bat da niretzako, ikusteko lan borobil eta garaikide bat lortzeko gai naizen”.
Gernikako bonbardaketan oinarritutako obra da, baina “lan artistikoa” dela azpimarratu gura izan du artistak: “Lan artistikoa da, ez dut nahi obrak pisu historiko handia edukitzea. Hala ere, egia da bonbardaketa ardatz duen sorkuntza dela, Gernikako bonbardaketaren lekukoen testigantzak jasotzen dituena”. Ez da obra deskriptiboa, ez ditu bonbardaketaren hotsak erakusten, ez; musika lan artistiko bat da, bonbardaketaren testuinguruan sortutakoa.
Etxebarriaren ibilbidean beste “urrats” bat da obra sinfonikoaren konposizioa, memoria egiteko, gogoratzeko eta munduan zabaltzeko lana: “Memoria egiten jarraitzeko beste euskarri bat da musika; instrumentu edo kanal berezi bat da memoriaren lanketa egiteko, ez ahazteko eta gertatutakoa zabaltzeko”.
Nazioartean aritutakoa da musikaria, eta “ilusioa” egiten dio Gernika 85 munduan zabaltzea: “Gernikarra izanda Gernika mundura zabaltzea berezia da. Musika ez da instrumentu politiko bat, objektiboa da, eta halako gaiak obra artistiko modura erakustea garrantzitsua da, jende gehiagorengana heltzeko aukera ematen duelako, hizkuntza desberdina lantzen duelako”.
Orkestra sinfonikoa
Obra sinfonikoaren azken ukituak egiten ari da Etxebarria, izan ere, zuzenean aurkeztuko du lana ekainaren 30ean Bilboko Euskalduna Jauregiko Auditoriumean, Bilboko Orkestra Sinfonikoak interpretatuta. Mikel Fernandezen zuzendaritzapean, bi Grammy sari dituen Evelyn Glennie perkusionista bakarlari modura, eta Gernikako Gaudeamus koralaren partaidetzagaz erakutsiko du bere lan berria, bera piano eta instrumentu elektroniko jotzaile ariko den bitartean. “Batzuentzako musika klasikoko kontzertua izango da, beste batzuentzako, berriz, musika garaikidearena edo esperimentalarena”, onartu du.
Lehenengo aldia da orkestra sinfoniko bategaz lan egiten duela –lehenago hamabi musikariko taldeekin lan egin badu ere–, eta musika tresna guztiak batzeak dakartzan sonoritate desberdinak uztartzea “sekulakoa” izan dela dio. “Zaila izan da, nire lehenengo aldia delako. Nik sortu dut konposizio osoa; hala ere, Mikel Fernandez zuzendariak eta Haizea Huegunek lagundu didate orkestra lanetan, baita nire anaia Hibai Etxebarriak ere”.
Laguntzen uztea “garrantzitsua” dela dio, besteengandik norberak ere asko ikasten duelako. “Egia esan, kolore desberdin asko dauden lana da: orkestraren soinua, musika elektronikoaren ukituak eta koruaren doinua batzen dituena. Inoizkorik eta lan gehien egiten ari naiz obra hau amaitzeko. Izan ere, musika aukera asko ditut, eta horrek sortzeko aukera franko ematen dizkit”.
Azkenean, lau mugimendutan banatu du sorkuntza, “obra klasikoen modura”. Pasarteak nahastu ditu, “estetika eszentrikoak eta paisaia minimalistak uztartuz”; horietako batean, isiltasunek hartzen dute protagonismoa, eta beste batzuetan, berriz, dinamika arinak dira nagusi. Antzinako musikaren eta doinu garaikideen arteko “binomioa” da lana. “Laugarren mugimendua da luzeena, eta hirugarrenak euskal erritmo klasikoa edukiko du: zortzikoa. Doinu hori, baina, desegituratuta agertuko da, ez da klasikoa izango, musika garaikidearen kutsua izango baitu”, azaldu du Etxebarriak.
Elkarlana
Ez da gernikarrak Glennierekin lan egin duen lehenengo aldia, aurretik hainbat proiektutan elkarrekin aritu baitira, baina oraingo honetan “asko lagundu” diola dio: “Hartu-eman ona daukagu. Londresen beragaz egon nintzen lanean ikus-entzunezko bat egiteko, eta oso ondo elkar ulertu ginen. Proiektu hau bururatu zitzaidanean, beragaz harremanetan jartzea erabaki nuen, artista bikaina delako. Perkusio klasikoa ikasi dut hainbat urtez, eta bere partiturak ikasi izan ditut. Beragaz lan egin ahal izatea ohorea da”.
Bilboko Orkestra Sinfonikoagaz eta Gaudeamus koralagaz laster hasiko da lanean Etxebarria, partiturak amaitzear dituelako: “Azken fasean gaude”. Aurretik, baina, gernikarrek lehen doinuak entzuteko aukera eduki dute. “Garrantzitsua zen obra Gernikan erakustea eta jendeari proiektuaren berri ematea. Eñaut Zubizarreta biolontxelo jotzaileagaz aurkeztu nuen”.
Obra estreinatzeko gogoz dago, eguna heltzeko esperoan. Urduritasuna nabari badu ere, sortutakoa zuzenean erakusteko gogotsu dago: “Lan osoa entzuteko gogoa daukat, orkestra eta koruagaz batera. Ea entsegu guztiak ondo ateratzen diren”.
Hainbat proiektu esku-artean
Obra sinfonikoa amaitzear badago ere, Etxebarriak hainbat proiektu ditu esku artean. Amaitu berri du Netflix plataforman aurten estreinatuko den Intimidad websaila. “Egia esan ilusio handia egiten dit ikus-entzunezkoei musika jartzeak. Asko gustatzen zaidan bidea da, eta badirudi nire lana balioan jartzea lortu dudala. Netflix bezalako plataforma indartsu bategaz lan egitea berezia da. Lanpetuta nago, baina pozik”, dio gernikarrak, eta zinemarako beste hainbat proiektu dituela onartu du.