"Lointek Gernika Bizkaiaren sendotasuna balioaniztasunean oinarritzen da"
Emakumezkoen Endesa Ligako play-offetatik kanporatua geratu ostean eta 2021/2022 denboraldia bukatu berritan, Roso Buch jokalari kataluniarrak urtearen balorazioa egin du.
Roso Buchek (Mataro, Herrialde Katalanak, 1992) 2021/2022 denboraldia amaitu berri du Lointek Gernika Bizkaiagaz. Bigarren urtea burutu du Malosten, eta aurtengo denboraldiaren nondik norakoak azaldu ditu.
Lehenik eta behin, zein da amaitu berri duzuen denboraldiaren balorazio orokorra?
Denboraldi irregularra izan da, oro har. Lehen itzulia oso ona izan zela esango nuke: maila benetan handian jokatu genituen partiduak, guztiz lehiakor agertu ginen eta horrek, jakina, bultzada eman zigun. Bigarren itzulia, ostera, bestelakoa izan da: partiduetan ez gara sentitu gura moduan, emaitzek ez dute lagundu, eta etenaldi ugari izan ditugu.
Zerk eragin dizue gainbehera horretan, zure ustez?
Hainbat faktore egon dira tartean. Batetik, lesioak denboraldi osoan bidelagun izan ditugu; adibidez, Itziar Ariztimuñoren hutsunea pila bat igarri dugu. Turkian bizi izan genuen esperientziak ere alde mentalean eragin zigun. Horrez gain, koronabirusak izugarri eraldatu du aurtengo denboraldia, eta ez digu inongo jarraikortasunik eman. Izan ere, birusa hartzen lehenengo taldeetako bat izan ginen; horrenbestez, zulotik ateratzen eta jokatzeko prestatzen geundela, gainontzeko taldeak hasi ziren kutsatzen, eta horrek hilabete luze batez entrenatzen eta jokatu ezinik egotea ekarri zigun, horrek beregain dakarren konpetizio erritmo faltagaz.
“Gernikarrek familia handi baten partaide naizela sentiarazi didate”
Dena dela, helburu nagusiak bete dituzuela esan dezakezue.
Bai. Funtsean, hiru helmuga genituen hasieratik: Emakumezkoen Endesa Ligako play-offetara sailkatzea, Eurocup Women txapelketako taldekako fasea gainditzea eta Erregina Kopan lehiakor agertzea. Aurtengo hiru helburu nagusiak ganoraz bete ditugula uste dut. Horrez gain, talderik handienen kontra maila ona erakustea ere urte osoko jomugetako bat izan da; Emakumezkoen Endesa Ligan egundoko maila dagoen arren, horretan ere asmatu dugu, talde sendoa garela frogatuz.
Zelako taldea da Lointek Gernika Bizkaia?
Lointekek beti lortu izan du talde sendoak elkartzea. Zentzu horretan, gure sendotasuna balioaniztasunean oinarritzen da: postu guztietan goi-mailako jokalariak ditugu. Gainera, garai gaitzotan, blokea oso batuta agertu da bai kantxa barruan, bai kanpoan, eta hori oso garrantzitsua da.
Malostek ere batasun hori erakutsi dizue, gainera.
Izugarria izan da. Maloste zutabe izan da denboraldi osoan. Beste talde batzuetan nenbilenean ere, banekien Malosten jokatzea oso zaila zela, kantxa txikia izanda ere, jendeak babes itzela ematen baitio taldeari. Orain, aldiz, zoragarria da pertsona horiek nire taldeko afizioa direla sentitzea. Gernikan ere herritarrek beraien maitasuna erakutsi didate, eta hori oso polita izan da niretzat,gernikarrek familia handi baten partaide naizela sentiarazi didatelako.
Presio handia sentitu al duzue aurten?
Emakumezkoen Endesa Ligan egundoko tentsioa dago, beste urte batzuetan baino maila handiagoa duelako. Esaterako, nazioarteko jokalari askok aukeratzen dute liga horretan jokatzea. Bestalde, aste batzuetan partidu bi izan ditugu, Eurokopa jokatu dugunetan, eta horrek lan fisiko zein psikologiko handia eskatzen du.
Zelan bizi izan zenuen play-offetako azken partidua, Perfumerias Avenidaren kontra?
Malosten norgehiagoka oso duina egin genuen, baina aurkaria gu baino hobea izan zen, batez ere, lehen laurdenean. Itzuliko partidua, aldiz, oso traketsa izan zen: ez genuen ondo jokatu, eta hasieratik oso behetik ibili ginen; 15 puntuko aldea atera ziguten joanekoan, eta Perfumerias Avenida moduko talde batek ez du barkatzen.
Nolakoa da Mario Lopez entrenatzaile bezala?
Asko eskatzen duen entrenatzailea da, eta exijentzia horrek gure bertsiorik onena ateratzera behartzen gaitu. Asko daki saskibaloiaz, eta hasieratik minutuak eman dizkit. Ñabardura txikiei asko erreparatzen die, jokalari bakoitzak ahalik eta ekarpen gehien egin ditzan.
“Maloste, kantxa txikia izan arren, zutabe izan da denboraldi osoan”
Aurten, gainera, Miribillan egindako emakume kirolarien ospakizun eguna ere bizi izan duzue.
Emakumezko saskibaloiaren alde eginiko edozein ekimena ondo etorria da, eta Miribillako partidua, Suurne Bilbao Basketen etxekoa, oso berezia izan zen. Egun, emakumezkoen saskibaloia ikustera animatzen direnek ezustekoa eroaten dute, uste baino erakargarriagoa eta interesgarriagoa delako. Egia da zentzu fisikotik ez dela gizonezkoena bezalakoa, baina alde taktikotik edota teknikotik, jendeak uste duena baino ederragoa da.
Hurrengo denboraldira begira, zeintzuk dira zure asmoak?
Oraindik ez dakit ezer. Orain hasiko gara etorkizunari buruzkoak eztabaidatzen. Ez dakit zein koloregaz lehiatuko dudan datorren denboraldian. Momentuz, egunok atsedena hartzeko aprobetxatzen ari naiz, eta gero gerokoak.
Lointekek harrobiaren aldeko apustu sendoa ere egiten du urtero.
Bai. Kontu oso positiboa da hori. Junior mailatik zenbait jokalari igo dituzte, eta begibistakoa da ondo irakatsita datozen neskak direla. Gernikan, herri txikia izan arren, egundoko saskibaloi zaletasuna dago, eta afizio hori igarri egiten da kantxan.
Zein titular sinatuko zenuke hurrengo denboraldirako?
Goi-mailako konpetizioak erakartzen nau gehien, eta, beraz, neure burua maila handian ikusi gura nuke Erregina Kopa moduko txapelketetan. Adibidez, edozein lehiaketako final bat jokatzea gustatuko litzaidake. Baina, guztiaren gainetik, maila onean aritzea eta saskibaloiaz gozatzea sinatuko nituzke.