Aldarrikapenez beteko da Bizkargi asteburuan
36ko gerran bertan hildako gudariak omenduko dituzte zapatuan eta domekan. Ernaik deituta, Bizkargin batuko dira gazteak zapatuan, eta, urtero legez, egun osoko egitaraua prestatu du Bizkargi Gogoratuz Elkarteak domekarako.
Bizkargi Eguna izan zen martitzena, eta, ohi legez, domekan ospatuko dute Busturialdeko zein inguruko herritarrek egun hori. Beste urte batez, Larrabetzuko, Muxikako, Morgako eta Zornotzako lurretan dagoen mendi horretara igoko dira, eta 36ko gerran bertan hildako gudariak omenduko dituzte.
Bataila hartan, Bizkargi gaina berreskuratu zuten euskal gudariek; tartean, Amaiur, Larrañaga, Amuategi edota Euzko Indarra batailoietakoek. Han zegoen Espainiako bandera kendu eta haren tokian ikurriña jarri zuten, horren ondorioz haietako asko hil baziren ere.
Hori dela eta, bertan izandako bataila oroitu eta bertan borrokan aritu ziren euskal gudariak omentzeko asmoz, egun osoko egitaraua prestatu du Bizkargi Gogoratuz Elkarteak. 11:00etan hasita, trikitilariek eta EinGo taldeak musikatuko du goiza, eta 12:30ean izango da ekitaldia. Omenaldia egingo diete Amaiur Batailoiaren Gabiriako sei gudariei, horietako bakoitzaren senitartekoei lore sorta bat emanez. Iñigo Santxo eta Gaizka Arangurenek memoriari buruzko solasaldia eskainiko dute, eta Larrabetzuko Bizkargi dantza taldeko dantzariek ere emanaldia eskainiko dute. Adarraren, txalapartaren eta albokaren hotsak ere entzungo dira mendi tontorrean.
12:50ean, bertsolariek hartuko dute lekukoa. Onintza Enbeita muxikarrak, Xabier Arriaga Txiplas errigoitiarrak eta Etxahun Lekue larrabetzuarrak botako dituzte bertsoak. Horien ostean, EinGO taldearen erromeria doinuez gozatuko dute bertaratzen direnek. Xabier Amurizari esker ona emango diote ostean, eta Eneko Larruzearen kantaldia entzungo da mendian.
Arratsalderako, Erdu Muxikeko gazteek erromeria antolatu dute Gorozikako frontoian, Kittu taldeagaz; 16:00etan jarri dute batzeko hitzordua.
Gazteen aldarria.
Domekako egunaren bezperan, Ernaik deituta, Bizkargin batuko dira gazteak: “85 urte pasatu diren arren, gazteok ez ditugu ahazten 1937an bizitakoak. Guda hartako gertakariak herri honen memorian finkatuko ditugu. Gaur, atzo izan ginen moduan, aurrean gara eta aurrean izango gara. Memoria antifaxistan berretsiz egingo dugu aurrera”.
Bizkargira joateko hitzorduak zehaztu dituzte gazteek: 09:30ean Astran eta 10:00etan Gorozikan batzeko deia egin dute. 12:00etarako tontorrean egongo dira, orduan hasiko da-eta mahai ingurua. Faxismoa 2022. urtean. Nola eraiki memoria antifaxista? lelopean, Julen Arzuaga (EH Bilduko kidea), Ander Aperribai (Ernaiko kide eta historialaria) eta Maialen Arteaga (Mugimendu Feministako kidea) ariko dira berbetan. 13:45ean ekitaldi politikoa egingo dute, eta 14:00etan bazkalduko; bazkaria etxetik eroan beharko da.
15:30ean hasita, olinpiadak egingo dituzte, eta atsedena hartzeko, bertso saioaz gozatuko dute, gero. 18:00etatik aurrera, berriz, Matxinada, Arene 6 eta Dj Kingstonen kontzertuek musikaz beteko dute tontorra.