441 esku-hartzetan parte hartu dute Gernikako suhiltzaileek 2021ean
Bizkaiko suhiltzaileek 5.692 esku hartze izan zituen iaz, eta horietako 441 gauzatu zituzten Gernikakoek. 2020. urteagaz alderatuta, iaz erreskate eta salbamendu lan gehiago egin zituzten –% 13,7 gehiago–, eta % 20 igo ziren suteak itzaltzeko irteerak.
Bizkaiko Foru Aldundiko Suhiltzaileen Zerbitzuak 5.692 esku hartze izan zituen iaz, eta horietako 441 gauzatu zituzten Gernikako suhiltzaileek. Bizkaiko zerbitzua osatzen duten zortzi parkeen artean, irteera gehienak Ortuellako Uriostek (1.848), Leioako Artazak (1.186) eta Basaurik (924) izan zituzten, eta atzetik, Iurretak, Deriok, Gernika-Lumok (441), Zallak eta Markina-Xemeinek (217).
2022ko apirilera arte Gernika-Lumon zegoen suhiltzaileen parkearen esku hartzeen % 32 Gernika-Lumon izan ziren, eta % 15 Bermeon. Suteei dagokienez, udalerriko parkeko irteeren erdia baino gehiago Gernikan bertan egin ziren (% 50,4); Bermeon, berriz, askoz ere gutxiago, %14.
Iaz, 2020an baino % 6,25 irteera baino gutxiago egin zituzten Bizkaiko suhiltzaileek, 5.916 esku hartze izan baitzituzten duela bi urte. Iazko jarduketa guztiak aintzat hartuta, 10etik 6 (3.424 esku hartze) irteera erreskateak eta salbamenduak gauzatzeko izan ziren, eta esku hartzeen %29 (1.638 irteera) suteak itzaltzeko. Gainerako %11 (639 irteera) esku hartzeak laguntza teknikoak egiteko izan ziren, hala nola, galtzadak garbitzeko, likido eta gasen prebentziorako edo isurien operatiboetarako. Duela bi urte, berriz, irteera guztien % 51k izan zuen salbamendu jarduerekin zerikusia.
2020. urteagaz alderatuta, iaz erreskate eta salbamendu lan gehiago egin zituzten –% 13,7 gehiago–, eta % 20 igo ziren suteak itzaltzeko irteerak. Laguntza teknikoei dagokienez, % 59 jaitsi ziren jarduketa lanak. “Datu horiek azaltzeko, koronabirusaren pandemiak sortutako osasun krisiaren ondorioei erreparatu behar zaie. Lehenengo bi atalen igoerak kalera atera eta libre ibili ahal izatearekin dauka zerikusia, 2020an etxeetan egon baitziren bizilagunak. Laguntza teknikoen jaitsiera azaltzeko, kontutan eduki behar da 2020an adinekoen egoitzak desinfektatzen aritu zirela suhiltzaileak, eta iaz, ordea, askoz ere gutxiago”.
Suhiltzaileek Barakaldon egin zituzten esku hartze gehienak: 574; Gernikan, berriz, 133 egin zituzten. Hilabeteei dagokienez, urtarrilean izan zituzten irteera gehienak, guztien % 15. Eta lanaldi bakarrean eguneko esku hartzeen kopuru handienari erreparatuz gero, azaroaren 29a izan zen. Egun hartan, euriteen eraginez, guztira 65 esku hartze egin behar izan zituzten lurraldeko zenbait puntutan.
Inbertsioak.
2021ean 2.624.500 euroko aurrekontua eduki du Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak, eta parkeen sarea berritzeari dagokionez, iazko urtea “mugarri bat” izan zela dela diote: “Zallako parke berria inauguratu zen eta Arratzuko parke berriaren obra egin zen, aurtengo martxoan martxan jartzeko”. Guztira 6,5 milioi euroko inbertsioa egin zuten. Gainerako parkeetan, milioi euro inguruko hobekuntza lanak gauzatu zituzten, ekipamendu eta material zehatzagoak eta seguruagoak erosiz.