Martxan daude udaberriko jaiak
Bihar hasi eta maiatzaren 28ra bitartean, San Isidro eta San Asentsio jaiak ospatuko dituzte ajangiztarrek. Muruetarrek, berriz, sanisidroak ospatuko dituzte maiatzaren 14 eta 15eko asteburuan.
Inoiz baino gogotsuago daude Murueta eta Ajangizko herritarrak; izan ere, bi urteren ostean, bueltan datoz sanisidroak Muruetara eta sanasentsio eta sanisidroak Ajangizera. Hala, udaberriko jaiek martxan jarraitzen dute, pandemia aurreko garaien modura.
Egutegian gorriz seinalatutako egunak dira Ajangizko sanasentsio eta sanisidroak. Aurten, Jakoba Errekondoren hitzaldiagaz hasiko dira festak bihar, 18:30ean, kultur etxean. Baratzei, lorategiei, fruta arbolei, basoei eta etxeko landareei buruzko solasaldia eskainiko du, eta herritarrei bertaratzeko gonbidapena egin diete.
Maiatzaren 13an, ohiturari jarraituz, eta Errenteria ere Ajangiz dela aldarrikatuz, Errenteriako zubitik herriko plazara Saragiaren igoera eginez hasiera emango diete herriko jai nagusiei. Biharamunean, mus txapelketan batuko dira, eta sardina jana egingo dute plazan. San Isidro egunez, hamaiketako herrikoira deitu dituzte herritarrak.
Maiatzaren 20ko gaua luzea izango da. Leihotikan, Toc eta Unidad Alavesa taldeak taularatuko dira, eta DJ Ramixekin amaituko dute.
Bi asteburutan nekatu arte gozatzeko hamaika ekitaldi izan ostean, beste urte batez, herriko mugetatik mendi ibilaldia egiteko aukera edukiko dute.
Maiatzaren 26an, San Asentsio egunean, briska txapelketa eta txokolate jana edukiko dituzte herritarrek aukeran, eta domekan, sukalkia egiteko batuko dira herritarrak. Arratsaldea girotzeko puzgarriak eta disko festa egongo dira.
Muruetan ere San Isidro ospatu ohi dute; nekazarien eguna da, hain zuzen, San Isidro. Aurten, maiatzaren 14 eta 15eko astebururako egitarau oparoa prestatu dute, gogo handiz, jaiak bueltan direlako. Maiatzaren 14an Eleizalden hasiko dituzte jaiak poteoan, eta bazkaritan batuko dira ondoren. Hori bai, horretan parte hartu gura dutenek maiatzaren 9a baino lehen izena eman beharko dute udaletxean. Nagusiek 20 euro ordaindu beharko dituzte eta 14 urtetik beherakoek, berriz, 10 euro.
Bi egunetan, ume zein nagusientzako jarduera ugari egongo dira aukeran: briska txapelketa, Giorgi Rodi Magoa, zaldi probak… Muruetan ohikoak diren bola eta bingo jokoak ere ez dira oraingoan faltako.