"Taldearen etorkizuneko osasuna bermatzen du harrobiak"
Grupo Intxausti - Gernika Rugby Taldeagaz denboraldia bukatu berritan, Jokin Eskolar hurrengora begira dago honezkero. Artean, harrobia lantzen du klubean, eta formakuntza saioak ematen ditu eskoletan.
Jokin Eskolar gernikarra Grupo Intxausti-Gernika Rugby taldeko jokalaria da, eta harrobia lantzen duen proiektua sortu du taldeko kide batzuekin batera. Eskoletara bisitak egiten dituzte, etorkizuneko kirolariak hezteko, goi-mailako jokalarien eskarmentua baliatuz.
Lehenik eta behin, Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeko jokalari modura, zein da bukatu berri den denboraldiaren irakurketa orokorra?
Urte hasiera oso gogorra izan zen guretzat: hainbat jokalarik, batik bat, Hego Afrikakoek ez zuten sasoiz iristerik izan, eta lehenengo partiduak oso aldapa gora egin zitzaizkigun. Behin lantalde osoa eratuta, ostera, egoera irauli eta geure benetako maila erakutsi genuen. Orduan frogatu genuen badugula Ohorezko lehen Mailan lehiatzeko besteko mailarik. Zoritxarrez, beranduegi izan zen mailari eusteko, baina gogor saiatu ginen.
Zelan bizi izan duzu zuk zeuk goi-mailan jokatzearen esperientzia?
Oso eskertuta nago. Gernikarra izanda eta herri txiki samarra dela jakinik, gauza itzela da niretzat, eta zortedun sentitzen naiz. Aukera handia eman zidaten lehen taldeagaz jokatzea proposatzerakoan, eta guztiz eskertuta nago. Esan beharra dut, era berean, ez dela batere urte erraza izan. Ligan zehar nire burua minutu gutxi jokatuta ikusi dut, eta taldeak laguntza behar zuela aulkitik ikustea kolpe latza izan zen niretzat, alde psikologikotik.
Goi-mailan aritzeak zein exijentzia du?
Esparru fisikoari dagokionez, ez dago alde handirik, beti saiatzen baikara sasoirik onenean egoten. Alderik handiena prestakuntza psikologikoa da, lehen mailako presioa izugarria baita.
Dena dela, Urbietak sendo eta leial erantzun du, ezta?
Bai. Batez ere, urte amaieran babes hori oso nabarmena izan da. Azken bi urteetan, koronabirusa dela eta, ia ez zen ikuslerik egon harmailetan, eta, orain, aldiz, Urbieta lepo bete zaigu, hain zuzen ere, gehien behar izan dugun unean.
Harrobia da, bestalde, gehien interesatzen zaizun kontuetako bat, ezta?
Bai, gai garrantzitsua dela uste dut. Azken urteetan apur bat alboratuta egon da harrobiaren kontua, geurea talde txikia baita eta helburuak, gehienbat, beste zentzu batera bideratuta egon baitira. Hori bai, egun, berreskuratu egin da gazteen formazioaren kezka, eta berriro hori lantzen hasi gara. Azken batean, harrobiak taldearen etorkizuneko osasuna bermatzen duela esango nuke.
Formazioa edo hezkuntza multikirolekin uztartzen dituen proiektua duzu esku artean.
Halaxe da, bai. Duela hiru urte, entrenatzaile gisa ibili nintzenean, ikusi nuen alderdi horretan gabeziak daudela. Beraz, Gernikakoa naizela aprobetxatuz eta egoera hori hobetzeko helburuz, proiektu bat aurkeztu nuen, Gernikakoa nahiz ingurukoa den edozein kirolarik berton jokatzeko eta hezteko aukera izan dezan.
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeko gazte kategorietan ere murgilduta zaude, ezta?
Bai. Kategoria denetako kudeatzaile bezala ibiltzen naiz: 10, 12, 14, 16 eta 18 urtez azpikoen taldeei laguntzen diet.
Zein egoeratan dago harrobia, Busturialdeko errugbiaren testuinguruaren barruan?
Egoera oso gaitza da Gernika aldean, hainbat futbol talde daudela eta kirol horrek, hain zuzen, protagonismorik gehiena jasotzen duela ikusirik. Gainera, jendeak, esate baterako, gurasoek errugbiari buruzko irudi oso estereotipatua izaten dute sarritan; kirol agresiboa dela uste dute. Guk ikusmolde faltsu hori argitzeko saiakera egiten dugu: eskoletan jokoak eta dinamika aktiboak probesten ditugu, umeak errugbiaren munduan murgiltzen joan daitezen. Modu horretan, gurasoek beren ikuspuntua aldatzen dute maiz.
“Minutu gutxi jokatuta, aurtengoa liga oso gogorra izan da niretzat”
Nolako harrera izan du proiektuak orain arte?
Begi onez hartu dute, aurkeztu dugun guztietan. Koronabirusak urte biko etenaldia sortu arren, aurten bai Gernikako, bai inguruko hezkuntza zentroetan aurkeztu dugu, eta beste batzuetara joatekotan gaude, ikasturtea bukatu orduko. Besoak zabalik hartu gaituzte orain arte, eta haur ugari animatu dira errugbian izena ematera, gure saioak jaso ondoren.
Zelan antolatzen dituzu sentsibilizazio saiook?
Errugbia kirol oso konplexua da, arauz josia. Hortaz, modu dinamikoan azaltzen dugu legedia, guztiek ezagutzeko moduan: paseak, plakajeak, puntuazioa… argitzen ditugu. Ostean, arauok barneratzeko asmoz, denetariko jolasak egiten ditugu umeekin.
Maila jakin batera bideratuta al zaudete?
Batez ere, LH3tik gorako mailak lantzen ditugu, LH6ra arte. Horrez gain, DBH2, 3 eta 4 mailetakoekin ere ibili gara. LH3tik beherakoentzat, nire ustez, bestelako jarduerak egin behar dira, eta horregatik saiatzen gara maila horretatik ez jaisten.
“Gurasoek errugbiari buruzko irudi oso estereotipatua izaten dute sarritan”
Gurasoek, batzuetan, etxekalte jokatzen al dute?
Tamalez, bai. Kirol askotan pasatzen da gurasoen gehiegizko presioaren kontu hori. Hortaz, guk entrenatzaileekin berba egin, eta jokalariekin kirolaren inguruko alde ludiko hori nola landu ikertu dugu. Harrobiko mailetan, garrantzitsuena aisialdia eta ondo pasatzea da; errendimendua lehen talderako edo, behintzat, goiko mailetarako utzi behar da.
Zein taldek lantzen du harrobia hoberen gure inguruan?
Adibidez, Ordiziak. Harrobian oinarrituriko proiektu baten alde apustu sendoa egin dute. Lehen taldean etxeko jokalari mordoa dute, eta bigarren taldea ere maila handian ibili da Espainiako Txapelketan. Badugu zer ikasi beraiengandik, hobetzeko bidean