Gernika BHI-ko 336 ikaslek parte hartu dute literatur lehiaketan
Istorio anitzak sortu dituzte, denetariko gaiei buruzkoak, estilo desberdinetan borobildutakoak. Irudimena hegan jarri dute, eta horien artean kategoria bakoitzeko finalistak eta irabazleak saritu dituzte gaur.
Irakurzaletasuna bultzatu asmoz, ikasleei irudimena martxan jartzeko deia egin zieten abenduan Gernika BHI institutuko irakasleek, eta 336 istorio jaso dituzte bueltan. Istorio anitzak sortu dituzte ikasleek, denetariko gaiei buruzkoak, estilo desberdinetan sortuak. Irudimena hegan jarri dute, eta horien artean kategoria bakoitzeko finalistak eta irabazleak saritu dituzte gaur.
Ohi legez, Lizeo Antzokian egin dute sari banaketa, eta hiru kategoriatan banatuta eman dituzte sariak. A kategorian (Batxilergoko 2.maila) 140 lan aurkeztu dituzte lehiaketara, eta 8 lan ailegatu dira finalera Prosa atatean eta 5 Poesian. Denen artean, Mikel Gomez Jauregi eta Ane Mei Aspiazu Etxeandia izan dira onenak, hurrenez hurren.
B kategorian (DBHko 4. maila), 96 lan aurkeztu dituzte, eta 17 prosazko lan eta 2 poema aukeratu dituzte finalerako. Prosazko istoriorik onena izan da Garoa Oleaga Goikolearena eta poema onena, berriz, Laida Arteaga Barrenetxearena.
DBH 2.mailakoen C kategorian 100 ikaslek parte hartu dute, eta 14 ikasleren istorioak aukeratu dituzte finalerako. Denen artean, Martin Larrozea Apraizen istorioa saritu dute.
Irabazleak saritzeaz gain, bigarren eta hirugarren idatzi onenak ere saritu dituzte, eta horrez gain, aipamen berezia jaso dute beste batzuek.
Araitz Garaita Arza institutuko zuzendariak parte hartzaileak eskertu ditu, eta literaturak beretzat duen garrantziaz aritu da: “Irakurtzeak beste mundu batzuetarako sarbidea eman dit, beste geografia batzuetan ibiltzekoa, beste azal batzuk janztekoa edota beste begi batzuen atzean jartzekoa. Idatziz, berriz, ikasi dut hizkuntza gehiago maitatzen, berbak mimoz josten eta korapiloak askatzen. Zuen lanak irakurtzerakoan horretatik denetik aurkitu dut”.
Sari banaketan, sariak emateaz gain, Lilibertsoko kide eta Gernika BHIko ikasle ohiak diren Koldo Muñiz eta Koldo Gezuraga bertsolariak elkarrizketatu dituzte. Bertsoa “kolektibo baten parte” izatea da Gezuragarentzat, eta egunerokotasunetik ateratzeko lekua Muñizentzat. Sari banaketaren ostean, euren bertsoez gozatzeko aukera eduki dute ikasleek.
Musika ere ez da falta izan sari banaketan, ikasleen kantuak, kontzertuak eta doinuak entzun baitira ekitaldian. Kantu ezagunak abestu dituzte ikasleek, eta bertso eskolakoen bertsoak ere entzun dira oholtza gainean.
Beste urte batez, ikasleei irakurtzen eta idazten jarraitzeko gonbitea egin diete irakasleek.
Sarituak.
Prosa lehiaketa.
A Kategoria (Batxilergoko 2. maila)
1.- Mikel Gomez Jauregi: Nire bizitzaren melodia.
2.- Iera Larrinaga Vergel: Barkamenak emango didan bakea.
3.- Zihara Undabarrena Loizaga: Oroitzen zaitut ama.
B Kategoria (DBH 4. maila)
1.- Garoa Oleaga Goikolea: Besarkatuta.
2.- Ane Madariaga Aranbarri: Betirako zauriak.
3.- Ainhize Azkarai Badiola: Oroitzapenak baino ez.
C Kategoria (DBH 2. maila)
1.- Martin Larrozea Apraiz: Apel gaixotu da.
2.- Elene Martinez Artetxe: Elkarbizitza.
3.- Ane Gregorio Zabala: Izar uxoak enaren antzera.
Poesia lehiaketa.
A Kategoria (Batxilergoko 2. maila)
1.- Ane Mei Aspiazu Etxeandia: Argi itzalak.
2.- Elena Agirre Martija: Kafe bat?.
3.- Rutia Iwase: Pozoi gozoa.
B Kategoria (DBH 4. maila)
1.- Laida Arteaga Barrenetxea: Olerki bat idatzi dut eta ez dakit zein izen jarri.
2.- Yuko Huali Alvarez: Maitasuna kiribil amaigabe bat balitz.