Lesioak, Bermeo FTren play-offetako protagonistak
Bermeo FT Ohorezko Mailatik Hirugarren Mailara igotzeko lehian bete-betean murgilduta dago. Balmaseda, Padura, Indautxu, Dinamo San Juan eta Derio dira mailaz igotzeko borrokan dabiltzan gainontzeko bost taldeak.
Bermeo FT, Ohorezko Mailatik Hirugarren Mailara jauzia egin guran, play-offetan murgilduta dabil. Balmaseda, Padura, Indautxu eta Dinamo San Juan talde sendoak egokitu zaizkio maila batetik bestera saltoa emateko lehian, eta, egun, talde bermeotarraren aukerak gutxienak dira. Dena dela, maila polita erakusten ari dira jokatzen dituzten norgehiagoketetan, lesioak lantaldea gogor jipoitzen ari diren arren. Play-offak bukatutzat emateko, hiru partidu geratzen zaizkie, datozen hiru asteburuetan jokatuko dituztenak; igoera taldean dauden hamar taldeetatik, momentu honetan, bederatzigarren postuan dago Bermeo FT.
Taldeko entrenatzaile Ibon Uriarte Maguregiren arabera, “play-offen borrokan bizirauten” dabiltza: “Aurkari oso sendoak suertatu zaizkigu, eta, gainera, lantaldea lesioek gogor astindu dute; joandako astean, adibidez, lurraldeko mailako taldetik eta gazte mailatik jokalariak hartu behar izan genituen, ganorazko multzoa osatu ahal izateko”. Izan ere, azken partiduan bi min hartze izan dituzte. Play-offetako lehenengo fasean “uste baino txarrago” agertu ondoren, Bermeo FTk maila oso ona erdietsi du bigarren fasearen lehendabiziko bi partiduetan. Lehenengoan, Balmasedari 4-3 gailendu zitzaien, etxean, jokalari bat gutxiagogaz; bigarrenean, iragan domekan, hutsera berdinketa lortu zuten taldeko liderra den Paduraren zelaian. Sei puntutik, beraz, lau eskuratu dituzte.
Uriarte: “Kanpoan gehixeago kostatzen bazaigu ere, etxean oso gaitza da Bermeo FTri hiru puntuak kentzea”
Datozen norgehiagokak. Lesioek eta estutasunek markaturiko lehiaketan, Uriarteren helburua “partiduz partidu joatea” da, ahalik eta puntu gehien pilatzeko. Jakitun da igoera “ia ezinezkoa” dutela, eta, hortaz, zita guztietan “maila duina eta izaera borrokalaria” erakustea dute helburu. Era berean, jubenilei eta, oro har, gazteei aukerak emateko asmoz ageri da entrenatzailea. Zapatu honetan jokatuko dute play-offetako hurrengo norgehiagoka; etxetik kanpora izango da, Indautxuren kontra, 17:30ean. Hurrengo bi asteburuetan izango dira azken bi partiduak: lehenengoa, maiatzaren 14an, Dinamo San Juanen kontra eta Bermeon; bigarrena eta play-offetako azkena, ostera, hilaren 22an izango da, Derioren zelaian.
Ikusleei dagokienez, Uriartek adierazi du ondo erantzuten dutela, baina indar nahiz babes handia beharko dutela datozen neurketei heltzeko: “Jendea hurreratzen da, baina, beharbada, gura baino zertxobait gutxiago; giro polita sortzen da zelaigunean, eta bermeotar herritar guztiei nahiz ingurukoei gerturatzeko eskatuko nieke, esfortzu handia egiten ari baikara”. Ildo horretan, gainera, azaldu du etxean irabazteko talde oso sendoa bihurtu direla, horrek dakarren konfidantzagaz: “Kanpoan gehixeago kostatzen bazaigu ere, etxean oso gaitza da gure kontra hiru puntuak lortzea; estatistikak hortxe daude hori horrela dela frogatuz”.