Musikaz eta dantzaz ospatu dituzte Lorategietako jaiak
Barikuan hasi ziren jai hasierako txupina jaurtita, eta hiru eguneko egitaraua izan dute aurretik. Giro ederrean igaro dituzte auzoko festak.
Gernika-Lumon Lorategieta izaten da jaiak ospatzen dituen lehen auzoa, eta giro ederrean igaro dituzte festak dagoenerako. Barikuan hasi ziren jai hasierako txupina jaurtita, eta hiru eguneko egitaraua izan dute aurretik.
Txupina jaurti ostean, pintxopotean elkartu ziren auzokideak Auzune Tabernan, eta horiek bukatzean musikaz girotu zuten gaua.
Umeen txanda izan zen zapatuan, gaztetxoentzako jolasekin eta txokolate janagaz gozatzeko aukera izan baitzuten bertaratu zirenek. Umeen jarduerak amaitzerakoan, Basajaun taldearen erromerian murgildu ziren auzokide eta lagunak, eta giro bikainez bete zuten plaza.
Txistularien kalejirarekin esnatu ziren auzotarrak atzo, eta meza entzun ostean, kopaua izan zuten. Ohi legez, Elai-Alaiko dantzariek euren saioa eskaini zuten eguerdi aldera, gero, herri bazkarian elkartzeko. Dj Pako & Urtzak girotu zuten arratsaldea, eta iluntzean ere jarraitu zuen festak. Txorizo eta sagardo dastaketa egin zuten auzokideek, eta 20:00etan agurtu zituzten jaiak, agurraren berri eman zuen txupina jaurtiz.