180 ikasle inguruk haritzak landatu dituzte Santa Luzian
Arbolak landatzeko jardueraren helburua izan da hariztia sendotu eta zabaltzea, ingurumenarekiko konpromisoari buruzko ezagutza eta sentsibilizazioa emateaz gain.
Gernika-Lumoko Allende Salazar ikastetxeko 8 eta 10 urte bitarteko 180 ikasle inguruk udalak antolatutako zuhaitz landaketa egin dute Santa Luzian. Arbolak landatzeko jardueraren helburua izan da hariztia sendotu eta zabaltzea, ingurumenarekiko konpromisoari buruzko ezagutza eta sentsibilizazioa emateaz gain.
Zehaztu dute, jarduerari hasiera emateko ingurumen kontzientziazioari eta biodibertsitatearen garrantziari buruzko hitzaldi bat izan zutela ikasleek. Eta gero, inguruko haritz kimuen 60 ale landatu zituzten, baita Narbor haritzak ere.
Landaketa Gernika-Lumoko Udalak bultzatu du, ingurumen hobekuntzak egin asmoz, udalerriko sare berde-urdina deritzonaren proiektuaren barruan. Ekintzaren helburu nagusia da konektibitate ekologikoa eta erabilera soziala eta jasangarria bultzatzea Santa Luzia auzo eremuan.