Migratzaileen bidea hizpide
Haur eta nerabeei zuzendutako fabula idatzi dute Busturialdeko Harrera taldeko kideek. Etxeko txikienei migrazioaren arazoa gerturatzeko helburua duen liburua da, ilustrazioz jantzita dagoena. Egindako lanagaz "pozik" geratu dira, eta egindakoa erakutsiko dute gaur, Astran; 19:00etan jarri dute batzeko hitzordua.
Sorterria utzi eta milaka eta milaka kilometro egin ostean ailegatzen dira etorkinak Euskal Herrira. Batzuk bidaia luzea jarraian eginda, beste asko, bidean geldialdiak egin ostean, baina denak bizi berri eta hobe bat eraikitzeko ametsagaz.
2019an, non lo egin jakin barik eta astebetean aterpe gabe egun eta gauak igaro eta gero, Busturialdeko herritarrek besoak zabaldu zizkieten Rif hiritik (Maroko, Afrika) ihesean Euskal Herrira iritsitako familia bateko hiru kideri. Ama eta aitagaz batera, euren alaba Islam ailegatu zen Astrara, eta familia horren ibilbide horretan oinarrituta, Islam txikia eta izeba Kamilaren kobazuloa fabula idatzi dute Busturialdeko Harrera taldeko kideek. Alejandra Loizagak idatzi du testua, Ziratz Apraizek egokitu eta itzuli du eta Tamsir Ndoye artista senegaldarrenak dira marrazkiak eta ilustrazioak.
Islamen istorian oinarritzen den kontakizuna azaltzen du liburuan Txila tximinoak, baina liburuak ez ditu egiazko gertakizunak islatzen: “Badu bere oinarria Busturialdera bizitzera etorri zen familia horretan, baina ez da egiazko kontakizuna. Kale gorrian geratzeko arriskuan zeudenean, Astrako komunitateak babesleku bat eskaini zien, eta aste batzuk pasata, Eako Harrera taldeak etxe bat ahalbidetu zien. Egun, Gernikan bizi dira, eta egoitza baimena lortzeko bidean daude”.
“Istorio baten bidez errealitatea zelakoa den jakiteko liburua da”
Harrera komunitateak oso anitzak dira Euskal Herri osoan. Elkarbizitzak, salaketak eta egunerokotasunak bustita, espazio horietan sortzen den dinamika eta emozioen mundua “izugarri boteretsua” dela diote Loizagak eta Apraizek. Hain zuzen ere, emozio horretatik hasi zuten ipuin honen sormena, Islamen presentziak denei eragin zien “ezinegona” –eta geroago, itxaropena– izan baitzen proiektuaren abiapuntua.
“Konfinamendu garaian erabaki nuen zerbait idazten hastea. 2018 eta 2019 oso urte gorabeheratsuak izan ziren Harrera taldean, baina konfinamendu garaian dena gelditu zen, eta gertatutakoari buruz hausnartzeko denbora izan nuen. Islamen testigantzak hunkituta, testua idazten hasi nintzen. Hasieran ez nion garrantzi handirik eman egin nuenari, baina gero, Tamsirregaz zerbait egitea erabaki nuen, eta Ziratzi ere, testua egokitzeko eta itzultzeko eskatu nion”, azaldu du Loizagak. Onartu du Islamen gela Astran antolatu zutenean “kontu handia” izan zutela: “Zaindu egin genuen bere logelaren egitura Astran egon ziren 4-5 astetan. Aste horietan ikusi genuen migratzaileek bizi duten krudeltasuna. Espazio kultural batean bizi behar izan ziren, etxebizitza batena baino gaztetxe baten antz gehiago zeukan leku batean. Ez zen inor bizitzeko tokia”.
Liburuagaz haur migratzaile guztiei aitortu gura diete errekonozimendua. Izan ere, Ndoyek nabarmendu du haur migranteen errealitatea kontatu gura zutela, ez bakarrik helduena: “Helduek eurek erabakitzen dute bidaiari ekitea, horrek dakartzan zailtasun guztiekin, baina haurrek ez dute ezer erabakitzen”. Loizagak gaineratu du, gainera, txikienentzat “zaila” izaten dela egokitzapena: “Hemen daudenean etorkin bezala tratatzen dituzte, baita euren jatorrira itzultzen direnean ere. Inongoa ez izatearen sentsazioa edukitzen dute, eta hori oso gogorra da. Ume horientzat bizitza berri bat eraikitzea ez da erraza”.
Helburu bikoitza
Liburua argitaratzeak helburu bikoitza dauka: pertsona errefuxiatu eta migratzaileen auzia haur eta nerabeengana modu errazago batean helaraztea eta errefuxiatu eta migratzaileen eskubideen aldeko borroka finantzatzea.
Lehenengo helburua hizkera moldatuz eta ilustrazioen laguntzagaz lortzea espero dute: “Ideiak modu erakargarria eta ulerterraz batean islatzen ahalegindu gara”. Horregatik aukeratu dute tximino bat narratzaile modura. Izan ere, ipuina, izatez, tximino batek idazten duen gutun bat da. “Animalia bat egotea gura nuen, istorioa haurrei gerturatzeko asmoz. Hala, Marruecosen dauden animaliak zeintzuk diren ikertzen hasi nintzen, eta tximinoak zeudela ikusi nuen”, azaldu du Loizagak.
“Ez dut nahi nik bizi behar izan inork gehiagok bizitzerik”
Animalia baten ikuspuntuak, gainera, “gertutasuna” eskaintzen diola liburuari uste du. “Tximinoak azaltzen duena ohiko narratzaile batek kontatuz gero, ez zen horren hurbileko istorioa izango. Tximinoak hainbat galdera egiten ditu, eta bere galderekin errefuxiatuei buruz asko ez dakitenei hurbiltasuna eskaintzen die. Eurek izan ditzaketen galderak tximinoaren irudiaren bitartez helarazi ditut”, dio fabularen sortzaileak.
Testuan, gainera, badaude hitz batzuk azpimarratuta. Horien bitartez, haur eta nerabeei kontzeptu horien esanahia sakonago ezagutzeko proposamena egin diete, albisteak bilatuz, eztabaidak sortuz edota etxekoekin hausnarketak eginez; besteak beste, matriarkatua, zaintza lanak, Ramadan, Gurugu Mendia eta hiyab dira nabarmendutako berbak.
Ez dela haur batek bere kabuz egiteko irakurketa azaldu dute egileek: “Ez da lo egin aurretik irakurtzeko liburu bat. Familian irakurtzeko liburua da. Ipuin baten bidez errealitate berri baten berri izateko liburua”. 10-12 urteko umeentzako dela zehaztu, eta “lagundutako irakurketa” izan behar dela azpimarratu dute, ulertzen ez diren pasarte batzuk daudelako. “Haur batek ez du ulertzen zer den hiyab bat eta zer dakarren horrek guzti horrek, eta ez dakite zer gertatzen den Gurugu Mendian”, diote, eta gaineratu dute hausnarketa bat edo gaiari buruzko eztabaida bat sortzea bilatu dutela.
Jendeari “urrutiko” errealitatea hurbiltzeko beste modu bat da kontakizuna. “Haurrak oso kontzientziatuta daude migrazio prozesuaz eta gertatzen ari denaz, galdera zuzena egin eta ez dakiten arte. Ez dakite zergatik, ez dakite zein den bidea”, dio Ndoyek. Izan ere, haurrek daukaten informazioa, “batzuetan”, ez dela zuzena izaten aipatu du: “Eskoletan hitzaldiak ematen ditudanean, zergatik gatozen galdetzen didate, baita Afrikan etxeak dauden edo ez. Beharrezkoa da informazioa ematea eta aurreiritziekin amaitzea”. Loizagak gaineratu du Afrikaz berba egiten zietenean, “pobreziaz eta oihanaz” bakarrik berba egiten zietela: “Ez ziguten Afrikako kultura aniztasunaz kontatzen”.
“Etorkinek egin duten bidea aitortzeko ahalegina ere bada liburua”
Hori dela eta, eskoletan, Europatik kanpo gertatzen dena irakatsi behar dela dio: “Beste herrialde batzuetan nola bizitzen den irakatsi behar da, eta liburu hau hori erakusteko ale txiki bat da, lurraldea uztea erabakitzen dutenek bizi duten errealitatea ezagutzeko lehenengo pausoa”.
Horregatik, liburuaren sorkuntzan parte hartzera gonbidatu zutenean, baiezkoa eman zuen segituan: “Lehen asko marrazten nuen, asko gustatzen zitzaidan. Gernikara etorri nintzenean ere, kultur etxera joaten nintzen marraztera. Eta Alejandrak liburuko irudiak egiteko aukera proposatu zidanean, hori egitea erabaki nuen. Oso garrantzitsua iruditzen zaidalako egin duguna. Izan ere, migrazio prozesu hori bizi behar izan dutenen errealitatea, zaintasuna eta krudeltasuna islatzen ditugu”.
Ikuspuntu erreala
Senegaldarraren istorioa liburuan kontatzen denaren antzekoa da. “Marrazkiak egiterakoan, istorioaren barruan sentitzen nintzen. Liburuak kontatzen duena ez da nire istorioa, baina nik bizi izan nuenaren antzekoa da. Itsasoz etortzearen kontu hori, hala bizi behar izan nuen”. Hori dela eta, ez du berak bizi izan zuena beste inork bizitzerik nahi, eta bere esku dagoen guztia egingo du etorkinen errealitatea kontatzeko eta irakasteko: “Ez dut nahi nik bizi behar izan nuena besteek bizitzea”.
Ndoyek bere jaioterria utzi eta migrazio ibilbideari ekin zion duela urte batzuk, azkenean Euskal Herrian bere tokia aurkitu duen arte. Melillako Gurugu Mendia zeharkatu behar izaten dute iheslari batzuek, baina berak Tangerreko mendi bat zeharkatu behar izan zuen: “Asentamenduak egon ohi dira mendietan, eta ni halako batean egon nintzen. Gauez bakarrik mugitzen ginen, poliziek ez ikusteko, eta egunez geldirik egoten ginen”. Antolatuta zeuden, eta zaindariak zeuden edo ez ikusten egoten ziren euretako batzuk, zaindari gutxi zeudenean itsasorako jauzia emateko. “Itsasontzi batean sartu nintzen, izan ere hesia salto egiten saiatu nintzen, baina ez zen ondo atera”.
“Testua euskaraz jaio zen, eta frantsesera eta gaztelaniara itzuli dugu”
Gero, Gurutze Gorriak hartu zituen itsaso erdian: “Tarifara iristea pentsatu genuen, baina ezin izan ginen ailegatu. Itsaso erdiraino joan ginen arraunean. Oso egoera zailean geunden, itsasoa aldatzen hasi zelako, eta dena urez betetzen hasi zelako. Orduan, Gurutze Gorrikoek hartu eta Algecirasera eraman gintuzten, eta handik Malagara”.
Malagan bi autobus antolatu zituzten, bata Bilbora eta bestea Bartzelonara joateko. “Hori ez da ohikoa, baina garai hartan migratzaile asko zeuden, eta autobusak antolatu zituzten”, azaldu du Loizagak. Gero, Bilbon egon zen hiru hilabetez, gizon senegaldar baten etxean, eta azkenean, Gernikan harrera talde bat zegoela ohartuta, udalerrira iritsi zen: ”Taldekoak lagun izan ditugu, eta aukera asko eman dizkigute”.
Haurren eskubideak
Kontakizuna argitaratzeko bigarren helburua da errefuxiatuen eskubideen alde egitea. Izan ere, irabazi guztiak Ongi Etorri Errefuxiatuak Busturialdera bideratuko dituzte, eta, ondoren, hezkuntzagaz eta haur etorkinen eskubideekin lotutako proiektuetara zuzenduko dituzte. “Hezkuntzagaz zerikusia daukaten proiektuak bultzatuko ditugu irabaziekin. Izan ere, Ongi Etorrik dituen lan guztien artean gehien bultzatu beharreko arloa dela uste dugu”, azaldu du Apraizek. Lan ildo hori orain arte ez dutela gura beste landu esan du: “Harrera egin diegun gehienak nagusiak izan dira, eta eurekin lanean aritu gara. Ez dugu haurren errealitatean sakontzeko denborarik izan, eta hori landu gura dugu”.
Halaber migratzaileei aitortu gura dieten errekonozimendua ere bada liburua: ”Egin duten bidea aitortzeko ahalegina ere bada. Erakutsi gura diegu euren errealiteak axola digula, eurekin enpatia sentitu eta sufritu egiten dugula, baita hori balioan jarri ere. Merezi duten lekua eskaini gura diegu, euren borrokak eta sufrimenduak arduratzen digula erakutsi”.
Bizi behar duten errealitate “gogorra” dela dio Ndoyek: “Jendeak ulertu egin behar du bizi dugun guztia. Asko borrokatu behar dugu bidean aurrera egiteko, eta jendearen laguntza jasotzea beharrezkoa da. Zortea ere eduki behar da, badakigu bidean hil egin gaitezkeela”.
Liburuaren ale bakoitzak euskarazko eta frantsesezko bertsioak barnebilduko ditu, alde bakoitzetik hizkuntza batean argitaratuko liburua baita. Hala ere, gaztelaniazko bertsioa eginda dute. “Testua euskaraz jaio zen, eta argi zegoen euskarazko bertsioa izango zela horietako bat. Liburua gaztelaniara eta frantsesera itzulita dago, baina afrikako errefuxiatuen historia kontatzen denez, euren hizkuntzan argitaratzea erabaki genuen. Ez zitzaigun bidezkoa iruditzen beraiena ez den hizkuntza batean argitaratzea“. Datozenentzat ere oinarri izan daitekeen liburua dela diote, “identifikatuta senti daitezelako”.
Oraingoz, Gernika-Lumoko lau liburu denda hauetan eskuratu daiteke: Obaba, Berezi Liburudenda, Gaubeka eta Iñurrigorria. “Bi bertsio aurkitu daitezke: jatorrizkoa, azal lodiagoagaz, eta eskoletara zuzendutako bertsioa, uztailekin eta pixka bat handiagoa”.
Liburuko ilustrazio, edizio eta argitaratze lana eskualdeko Eixu Estudioagaz elkarlanean egin dutela adierazi dute, eta “oso eskertuta” daude. Finantziazioa, berriz, Busturialdeko Ongi Etorrik esakini die, eta aholku emaile “paregabeak” izan dituztela adierazi dute: Imanol Bueno Bernaolak, Amets Arzallus Antiak eta Josu Landa Ijurkok lagundu digute.
Aurkezpena, gaur
Egindako lanagaz “pozik” geratu dira, eta egindakoa erakutsiko dute gaur, Astran; 19:00etan jarri dute batzeko hitzordua. Liburuaren sortzaileez gain, bertan egongo dira Maider Zabala Save The Children erakundeko langilea eta Ana Elena Altuna Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko kidea. Liburua aurkeztu eta haur migratuen egoerari buruzko solasaldia egingo dute.