Zoritxarreko Espainiako Txapelketa Joanes Goitisolorentzat
Avilesen lehiatutako Espainiako duatloi Txapelketan, Joanes Goitisiolok istripu bat izan du, eta emaitza lehiakor bat lortzetik aldendu du horrek.
Iragan asteburuan Espainiako duatloi Txapelketa lehiatu zen Avilesen (Asturias). 2014az geroztik, zazpigarren aldiz izan da Aviles Espainiako Txapelketako egoitza, eta, aurtengo edizioak, gainera, esangura bereziki azpimarragarria izan du: proba baliogarria izan da irailean, Multideporte Bilbao-Bizkaia 2022 markoaren barruan, Bilbon lehiatuko den Europako duatloi Txapelketara sailkatzeko. Lasterketa horretan izan da Alusgima Peñota Dental Triatlon taldeko Joanes Goitisolo Otazua gernikarra. Goitisolok, hain zuzen ere, gizonezkoen elite kategoriako proban parte hartu zuen. Norgehiagoka hasteko, parte-hartzaileek bost kilometroko korrika saioa egin behar izan zuten; ondoren, hogei kilometroko txirrindularitza trantsizioari ekin zioten; bukatzeko, bi kilometro eta erdiko bigarren lasterkaldi bat izan zuten.
Kategoria guztietan eta, bereziki, gizonezkoen elite mailan Espainiako goreneko mailako duatletak aurkeztu ziren, eta, horrenbestez, probaren lehiakortasuna oso handia izan zen. Irteera lerroan izan ziren, batetik, iazko probetatik sailkatu zirenak eta, bestetik, aurtengo norgehiagoketetan puntuak bildu, eta Avileseko zitarako txartela eskuratu dutenak. Goitisolo lasterketa ona egiteko asmoz agertu zen irteerara, aurtengo duatloi denboraldian erdietsi dituen garaipenak eta ohorezko postuak alde edukita. Izan ere, lehenengo probetatik garaipenen zurrunbiloan sartuta dabil Gernika-Lumokoa, eta, hain zuzen, bolada horri jarraipena emateko asmoz abiatu zen. Dena dela, zortea ez zuen lagun izan.
Goitisoloren arabera, bizikletako sektorean “ahalik eta alderik handiena egitea” izan zen jomuga. Jomuga hori buruan izanda, lehen korrikaldian “inoizko mailarik onena” eman zuen gernikarrak, lehen postutik hamabi segundutara. Baina bizikletara igotzera zihoala, beste parte-hartzaile batek noranzkoa aldatu zuen, eta Goitisolo sorbaldan jo zuen, bizikletara igotzeko puntuan zegoela. Erorikoa sahiesteko, Goitisolok zapatila pedaletik atera, eta lurrean jarri zuen; nolanahi ere, duatloi nahiz triatloi probetan zapatak pedalera lotuta dituztela janzten dituztenez, hesi azpitik ihes egin zion, eta Goitisolok denbora oso baliotsua galdu zuen istripu horregaz; hain zuzen ere, 45 segundu inguruko denbora galera eta “arreta guztia galtzea” suposatu zion arazo horrek, eta talde handi bik aurreratu zioten.
Bizikletako trantsizioan, halaber, txanponaren ifrentzu iluna baino ez zuen ikusi Goitisolok. Ihesaldi bat egiteko, aurretiaz beste bi duatletagaz berba egina zegoen, eta bi parte-hartzaile horiek erasora jo zuten; hori dela eta, lasterketa buruarekiko galdua zeukan aldea handitu besterik ez zen egin, eta, gainera, Goitisolok ez zuen inongo kolaboraziorik edota laguntzarik jaso taldeko gainontzeko txirrindularien partetik. Egoera hori “mentalki oso gaitza” izan zen, aitortu duenez, baina helmugaraino ailegatzea lortu zuen, 22. postuan bukatzeko. Behin proba amaituta, Goitisolok azaldu du lortutako emaitza eta egindako ahalegina “ez direla inondik inora parekideak“. Dena dela, atleta gernikarra, “hurrengo erronkei begira” dago, dagoeneko.