Maiatzaren Lehena aldarri eguna izango da
Kontseilu Sozialistak deia zabaldu du Gernika-Lumon. ELA eta LABek hiriburuetara deialdia luzatu dute.
Maiatzaren Lehenean ospatu ohi da, tradizioz, Langileen Nazioarteko Eguna, 1889az geroztik. Egun hori probesten dute, hain zuzen, sindikatuek, eragileek eta denetariko talde sozialek beharginen eskubideak eta lan-baldintzak aldarrikatzeko. Aurten ere, euskal hiriburuez gain, Busturialdean ekitaldiak egingo dituzte, Langileen Nazioarteko Eguna omentzeko. Kontseilu Sozialistak, Krisi kapitalista garaian sozialismoa eraikitzen lelopean, deialdia zabaldu du domekan Gernika-Lumon egingo duen ekitaldian parte hartzeko. Gernika-Lumokoa 12:00etan hasiko da, Domingo Alegria enparantzan, Merkatu Plazaren aldamenean.
Hiriburuetara deialdiak. ELA eta LAB sindikatuek ere bat egin dute Maiatzaren Leheneko aldarrikapenekin, eta, horrenbestez, mobilizazioetan esku hartzeko deialdia luzatu diete herritarrei. Mobilizaziook Hego eta Ipar Euskal Herriko hiriburuetan egingo dituzte. ELAk Bilboko Jesusen Bihotza plazatik eta Donostiako Alderdiederretik hasiko ditu mobilizazio ekitaldiak; biak ala biak 11:30ean jarriko dituzte abian. LABek ere, Bilbo nahiz Donostia izango ditu kokagune, baina baita Eibar ere. Garbiñe Aranburuk, LABeko idazkari nagusiak, adierazi duenez, aurtengo ekimenen jomuga «zaintza, enplegua eta aberastasuna banatzeko aldarria kalera ateratzea» izango da. Horretarako, 11:00etan Bilboko Zabalburu plazan elkartzeko deialdia luzatu dute. Donostian, Easo plazan izango da geralekua, 12:00etan; Eibarren, aldiz, Untzaga plazan, hori ere 12:00etan.