Ilusioa ez da nahikoa Perfumerias Avenidari irabazteko
Emakumezkoen Endesa Ligako playoffetako lehen jardunaldian, Lointek Gernika Bizkaiak Salamancako taldearen kontra 70 eta 85 galdu du Malosten, amaierara arte borrokaturiko partiduan. Zortzi denboralditan klubean aritutako Naiara Diez altsasuarrak omenaldi beroa jaso du, eta Euskadiko Txapeldun geratu diren kadeteei ere aitortza egin diete.
Lointek Gernika Bizkaiak dena eman zuen atzo, Emakumezkoen Endesa Ligako playoffen lehendabiziko norgehiagokan, Perfumerias Avenidari etxekoen aurrean irabazteko, baina ez zuten helburu horren bilaketan arrakastarik izan. Domekakoa musukorik gabeko lehenengo partidua izan zen harmailetan, eta Malostek egundoko giroa hartu zuen ikusleen partetik. Hasiera-hasieratik tentsioa eta intentsitatea gailendu ziren, eta talde biek dena eman zuten markagailuan aurrea hartzeko: Katie Samuelsonek hiruko jaurtiketa bategaz abiatu zuen markagailua; Tinara Moorek uztaipean erantzun zion; Kahleah Cooper presente izan zen; eta Margie Roundtreek partiduko bigarren hirukoa saskiratu zuen. Erasoan nabarmendu zien bai Lointek Gernika Bizkaia, bai Perfumerias Avenida.
Dena dela, talde bisitaria eredu da saskiratzeetan, eta trebezia hori erakutsi zuen: laugarren minutuan, 7-17koa ezarri zuten Perfumerias Avenidakoek, eta Mario Lopezi lehen hutsartea egitera behartu zioten. Salamancakoek 9-26ko aldea erdietsi zuten, eta lehen laurdena 13-34 bukatu zuten. Irakurketa nagusia izan zen, bisitarien saskiratze ahalmenaz gain, akatsak ere egin zituztela etxekoek. Bigarren laurdenean suspertzea erakutsi zuten Lointekekoek, eta defentsa lan egokiak, 6-0ko partziala eginda, aurkariak lehenengo hutsartea egitera derrigortu zituen. Hain zuzen ere, defentsaz gain, erasoaldi desberdinak proposatzea zen partidua irabazteko bide bakarra. Hortaz, Moore hiruko jaurtiketetara eman zen guztiz, eta markagailua 24-35ra eroan zuen. Dena dela, etxekoen lana ez zen jarraitua izan, eta 32-52gaz joan ziren bi taldeak atsedenaldira.
Lopez: “Izugarrizkoa da Malosteko zaleen jarrera zeinen ona den ikustea”
Aldageletatik itzulita, Perfumerias Avenidako Maite Cazorlak, Cooperrek nahiz Samuelsonek partiduaren kontrola hartu zuten, eta Lointeken egitekoa distantziak apaltzera mugatu zen. Joan-etorriko kanporaketa izanda, Lopezek Salamancako partidura ahalik eta alderik txikienegaz heltzeko saiakera egin zuen. Dena dela, azken bi laurdenetan ogibide gaitza izan zuten etxekoek. Hirugarrena 48-70 bukatu zuten, eta laugarrenean, behintzat, ez zuten etsi, eta Perfumerias Avenida presiopean jartzeko saiakerari tinko heldu zioten. Halaber, azken laurdenean jokalari gazte bik debuta egin zuten Emakumezkoen Endesa Ligan: Nile Mugirak eta Paule Loroñok. Partidua 70-85eko markagailuagaz amaitu zen.
Mario Lopezek, Lointek Gernika Bizkaiako entrenatzaileak, azaldu du norgehiagoka lehen laurdenak baldintzatua izan dela: “Jakin bagenekien aurkariak zein maila duen, eta euren saskiratze maila altua izan da hasieran. Bigarren laurdenean lortu dugu gure gustuko dinamikak aurkitzea, eta partiduari aurpegia erakustea”. Lopez “asebeteta” agertu da partiduko hiru laurdenekin, baina, era berean, adierazi du “hasieran izandako galerak berreskuratu guran” ibili direla partidu osoan zehar, eta hori egiteko “oso zaila” dela Perfumerias Avenida moduko etsai baten kontra. Zaleen jarrerari dagokionez, Lopezek esker ona baino ez du erakutsi: “Izugarrizkoa da Malosteko ikusleen jarrera zeinen ona den ikustea, ikusleria eredugarria dugu, eta aurrerantzean ere taldeari berotasuna ematen jarraitzea espero dugu”.
Omenaldi hunkigarria jaso du Diezek. Egun berezia izan zen domekakoa; izan ere, Gernika KESB klubaren 25. urteurreneko ekitaldien barruan, zortzi denboralditan klubean aritutako Naiara Diez altsasuarrak omenaldi beroa jaso zuen.
Bestalde, Euskadiko Txapeldun geratu diren kadeteei ere aitortza egin zieten.
Diezek iazko martxoan amaitu zuen bere kirol ibilbidea, eta pandemiaren eraginez, kapitainaren agurra atzeratu zuen klubak, merezitako aitortza, zaleen aurrean emateko. Gernika-Lumoko taldean bidelagun izan zituen jokalarietako batzuk Malosten egon ziren domekan, besteren artean, Izaskun Garcia, Julie Wotja, Ivanovic, Yaiza Lazaro eta Juana Molina. Gerardo Candina Gernika KESBeko presidenteak klubaren 25. urteurreneko oroigarria eman zion Lopezi, eta Diezek gurasoek lagunduta jaso zuen marea granatearen txalo zaparrada bero bezain goxoa.
Markagailu nagusiaren parean Diezen kamiseta ipini zuen klubak, eta hori bistaratu zuten Diezen aurreko kapitaina izan zen Judith Monasterio gernikarrak eta Diezen lekukoa hartu zuen Belen Arrojo granadarrak.
Nafarrak esker oneko berbak eskaini zizkien klubeko kide zein zaleei. Etxeko sentitu da Gernikan, eta urte guzti hauetan jasotako maitasuna eskertu zuen.