Ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntu bat jarri dute Ekoetxean
Urdaibai Biosfera Erreserban jarri duten lehenengo puntua da; egunero egongo da erabilgarri, 24 orduz. Bi auto kargatu ahalko dira aldi berean.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpe dagoen Urdaibai Biosfera Erreserbaren Zerbitzuak ibilgailu elektrikoen karga publikorako lehenengo puntua jarri du Urdaibai Biosfera Erreserban.
Hala, ibilgailu elektrikoen erabiltzaile guztientzat erabilgarri egongo da zerbitzua, egunero, 24 orduz. Jakitera eman dutenez, bi auto kargatu ahal izango dira aldi berean, hiru ordu inguruan.
Iberdrolaren 2×22 kWko eta sarbide libreko azpiegitura horren bidez, energia iturri garbietatik sortuak diren eta energia iturri berriztagarrien berme ziurtagiriak (GdOs) dituen energia %100 berdeagaz kargatu ahal izango dituzte erabiltzaileek beren auto elektrikoak.
“Neurri horren bidez, pauso bat eman ahal izango da Europar Batasunak Energia garbia europar guztientzat arau sortan jasotako helburuak lortzeko bidean”, azaldu dute. Hala, diotenez, Urdaibaik ere erronka jarri dio bere buruari; “kalitate, eraginkortasun eta jasangarritasun handiagoa izango duen mugikortasun eredu baterantz pausoak emateko, eta, modu horretan, eskualdearen garapen sozioekonomikoa bultzatzeko, ingurumen kalitatea hobetzeko eta Urdaibai Bizkai, Araba eta Gipuzkoan eta Europan integratzeko”.
Ildo beretik, Urdaibai Biosfera Erreserbaren Zerbitzuak lehenengo ibilgailu elektrikoa erosi du bere flotarako, lurraldean energia eredu jasangarriagoa sustatzeko konpromisoarekin bat eginez.