Gerra guztiak amaitzearen aldeko aldarria
Munduko gerra guztiekin amaitzeko eskatu zuten atzo, Gernikako bonbardaketaren 85. urteurren ekitaldien barruan. Gerran dauden herriei elkartasuna adierazi eta industria militarraren jarduna salatu zuten.
Gernikako bonbardaketaren 85. urteurren ekitaldien barruan, munduko gerra guztiekin amaitzeko eskatu dute Ideasurrek, Gernikatik Mundurak, Ongi Etorri Errefuxiatuek, Juventud Activa Saharauik eta Gernika Batzordeak.
Ukrainako gerrak “egunerokotasuna blaitzen” duela eta, fokua zabaldu zuten. Ukrainako gerra salatu bai, baina munduko beste parte batzuetan ematen ari diren gerrekin amaitzeko aldarria zabaldu zuten Gernikatik: “Sahara, Palestina, Kurdistan, Rif, Pakistan, Afganistan, Yemen, Libia… zoritzarreko zerrenda luzea iragarri genuen, gaur egun, oraindik orain, Gernika asko sortzen ari direlako munduan barrena”. Herri horiei elkartasuna adierazi zieten, eta Gernika gehiagorik ez hemen ez inon aldarrikatu zuten.
Halaber, industria militarra erauli eta justizia soziala, bakearen kultura eta biziaren defentsarako konpromisoa sustatzen duten jarduera zibilak sustatzearen beharra azaleratu zuten. Izan ere, azpimarratu zuten “gerra negozioa” dela hainbat eta hainbat enpresentzat: “Euskal Herrian badago euskal armagintzari loturiko sistema industrial bat, armak sortzen dituena. Horiek sortzen duten mozkin ekonomikoa jendea hiltzeko erabiltzen da, eta horren kontra agertu gara”.
Gerra horiek elikatzen dituzten, eta, gainera, etekin ekonomikoa lortu gura duten armagintza enpresen jarduna salatzeko espazio komuna eraiki zuten atzo. “Bonbardaketaren bezperan urtero egiten dugu erreferentziazko salaketa hori, modu bateratu batean. Ahotsa batu eta altxatu gura dugu”.