Arrizabalaga eta Agirre, Bizkaia Torneoan nagusi
Olatz Arrizabalagak eta Naroa Agirrek 22 eta 11 irabazi diete Amaia Aldairi eta Nora Mendizabali, Bilboko Bizkaia frontoian.
Olatz Arrizabalaga gernikarrak eta Naroa Agirre zestoarrak Bizkaia Torneoan gailentzea lortu zuten, zapatuan, Miribillako Bizkaia pilotalekuan [Bilbo] jokatutako finalean hasieratik amaierara nagusi izan ondoren. 22-11 irabazi zieten Amaia Aldai eta Nora Mendizabali. Finaleko partidua, Arrizabalagaren ahotan, “txapelketa osoaren isla izan zen: “Lehiaketa modu oso erregularrean jokatu dugu, norgehiagoka guztietan maila onean ibili gara, eta finalean, aldiz, gura genuen jokoa egiteko eta garaipen erdiesteko gai izan ginen”.
Arrizabalagak eta Agirrek lehendabiziko jokaldietatik erakutsi zuten beren jokoa, eta arerioen aurretik ibili ziren: 0-2, 1-4, 2-6, 3-10, eta abar. Dena dela, Aldaik eta Mendizabalek ez zuten etsi, eta norgehiagokako berdinketa bakarra ezartzera ere heldu ziren, 0-7ko partziala egin ostean: 10-10. Berdinketa horren ondoren, atsedenaldi bat egin zuten pilotariek eta, Arrizabalagaren arabera, etenaldi hori “gako” izan zen; izan ere, beren jokoari eustea eta, halaber, tinkoago ekitea erabaki zuten Gernika-Lumokoak eta Zestoakoak. “Atsedenaldia eta gero, zenbait zalantza izan genituen, aurkariek maila oneko partziala egin zutelako, baina gure jokoa mantentzea eta are gogorrago saiatzea erabaki genuen”, azaldu du Arrizabalagak. Ondorioz, pilota biziak probestu zituzten, eta jokoa pilotalekuaren atzealdera kargatu zuten, Aldai saiheste aldera.
Oso polita da emakumezkoen esku pilotaz estreinakoz gozatzen duen jendea pilotalekuetan ikustea
Estrategia horrek fruitua eman zien, 12-1eko partziala lortu baitzuten. Horrenbestez, Arrizabalaga eta Agirre 22-11 gailendu ziren txapelketa horretako beraien lehen finalean. Finalean ez ezik, maila oso handia erakutsi zuten Bilbon, Zallan nahiz Zierbenan jokatutako gainontzeko partiduetan. Arrizabalagak adierazi du Bizkaia Torneoa “esperientzia oso polita” izan dela: “Ederra izan da frontoi desberdinetan jendea hurreratu dela ikustea; Bizkaia frontoia jendez betetzea zaila dela dakigun arren, Zallan zein Zierbenan emakumezkoen esku pilotaz estreinakoz gozatzen zuten ikusleak hurreratu ziren pilotalekura, eta hori ikustea guretzat oso pozgarria da”.
Bizkaia Torneoak utzitako aho zapore bikainagaz, Arrizabalagaren ondorengo helburua Nafarroako Binakako Txapelketa izango da. Bertan, Irati Zabala izango du bidelagun pilotalekuaren atzealdean. Helburuez itaunduta, erregulartasuna erakusten jarraitzea eta finalera ailegatzea izango ditu buruan gernikarrak: “Lehen aldia da Zabalagaz jokatuko dudana eta, beraz, ez dakit bere jokoa zelakoa den; dena dela, maila onean aritzea espero dut, eta finalera heltzeko borrokari bete-betean heltzea”.