Klima aldaketari buruz herritarrek duten iritzia jaso gura du Gernika-Lumoko Udalak
Herritarrek ingurumen arazo horri buruz duten iritzia jaso gura du udalak, klima aldaketara egokitzeko plan integrala prestatzen hasi baita.
Klima aldaketari buruz herritarrek zer pentsatzen duten jasotzeko helburuz, inkesta bat zabaldu du Gernika-Lumoko Udalak. Izan ere, 2050era begira, klima aldaketa arintzeko eta klima aldaketara egokitzeko plan integrala prestatzen ari dira. Inkesta digitala Survey Monkey plataformaren bidez prestatu dute, eta esteka honetan bete beharko da, apirilaren 30a aurretik: Galdetegia.
Inkestaren helburu nagusia da udalerriko sektoreen, eta oro har, herritarren kezka eta premia nagusiei buruzko ahalik eta ezagutza handiena lortzea, biztanleriaren errealitatera egokitutako eta denboran iraunkorra izango den plan bat garatzeko.
Izan ere, udalerriko klima aldaketa arintzeko eta klima aldaketara egokitzeko plan integrala egitea da udalaren lehen helburua, baita nazioartean eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoan berotegi efektuko gasen emisioak murrizteko ezarritako helburuak lortzea ere. Gainera, zehaztu dute planak energia aurrezteko estrategia espezifikoak izango dituela, eta horiek eraginkortasun energetikoko ekimenak aplikatuz, energia berriztagarriak ezarriz, eta horiek guztiak klima aldaketara egokituz lortuko dituztela.
Udala garatzen ari den plana LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuarekin lerrokatuta dago, hau da, datozen urteetarako Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako klima ekintza proiektu “handienarekin”.