Garaipena: emakumezkoen kirolari omenaldirik hoberena
Lointek Gernika Bizkaiak 75-56 irabazi dio Campus Prometeri #Miri2lla egunean. 4.108 lagun hurreratu ziren partidura, eta talde gernikarrak maila handiko jokoa erakutsi zuen.
Zapatua egun handia izan zen Bizkaiko emakumezkoaren kirolarentzat eta, beren-beregi, saskibaloiarentzat. Lointek Gernika Bizkaiak 25. urteurreneko ekimen gorena Surne Bilbao Basketegaz batera ospatzeko hautua hartu, eta #Miri2lla egunean parte hartu zuen. Campus Prometeren kontra jokatu zuen Bilboko kantxan, eta norgehiagoka oso esanguratsu baten testuinguruan, gainera. Izan ere, iragan astelehenean Bembibre Arenan jokaturiko Embutidos Pajariel Bembibreren kontrako partidua galdu ostean, garaipena nahitaez behar zuten, Emakumezkoen Endesa Ligako playoffen jokoan bizirik jarraitzeko. Tentsioz gainezka hasi zen, horrenbestez, 28. jardunaldiko partidua.
Belen Arrojok ogibide gaitza izan zuen partiduaren hastapenetik, Campus Prometeko izarra, Aina Ayuso, hurretik zaintzen. Lashann Higgsek bere sasoi puntu onari eusten diola erakutsi zuen, jokoa antolatuz eta saskiratzeak eginez. Angie Bjorklundek mugikortasuna eman zion jokoari. Marge Roundtreek eta Paula Ginzok erasoa antolatu zuten barrualdetik nahiz kanpoaldetik. Bi berbatan: Lointek Gernika Bizkaiak maila handia erakutsi zuen hasieratik, eta tanto sorta ederra eskuratu zuen lehen laurdenean: 27-16. Campus Prometeko entrenatzaile Cesar Aneasek mugimendu estrategikoak egin zituen, batez ere, Maimuma Diarra pibotagaz. Une batean, Lointekeko defentsak ahulezia sentsazioa erakutsi zuen, baina lortu zuten partiduari eustea, eta saskiratzeen erritmoak ere beherakada jasan zuen: lehen laurdeneko 27etatik bigarreneko 12etara. Campus Promete, 36-30ekoagaz, sei puntura hurreratu zen, baina Gernika-Lumoko taldea nagusi zen, eta 39-30ekoagaz joan ziren atsedenaldira.
Aldageletatik itzultzean, Campus Prometek, Lointek Gernika Bizkaiaren erasoa eten ahal izateko, bere indarrak defentsan zuztartzea bilatu zuen. Maria Barnedaren hiruko jaurtiketa batek, 47-41ekoagaz, Mario Lopezen hutsartea ekarri zuen; Paula Ginzo atzera jokatzen hasteak distantziak erdiko saskiratzeak ekarri zituen berriz. Melissa Brcaninovicek markagailuko aldea sendotu baino ez zuen egin: 56-43. Azken laurdenean, Campus Prometeri partidua luze egiten hasi zitzaion, eta Lointekek abagune hori baliatu zuen markagailua 60-43ra eroateko. Gernikaren jokoak, gainera, gora eta gora baino ez zuen egin. Mario Lopezek harrobiari lekua egitea erabaki zuen: lehenik eta behin, Marta Alberdi kantxaratu zuen; ostean, June Ruizek debuta egin zuen Emakumezkoen Endesa Ligan, 17 urtegaz eta 4.108 lagunen aurrean. 75-56 amaitu zen Lointek Gernika Bizkaiaren eta emakumezkoaren kirolaren omenaldi partidua.
Lointek Gernika Bizkaiako entrenatzaileak, Mario Lopezek, taldea “nortasun eta jarrera handiagaz” kantxaratu dela azaldu du; bigarren laurdenean beherakada izan dutela izan du ahotan bai defentsiboki, bai erasoan. Atsedenaldiaren ostean, baina, lehen aldiko dinamikak “modu seguruan” berreskuratu dituztela adierazi du Lopezek, eta azken laurdena “eskuratutako aldeak egoki kudeatzeko” eta denboraldian zehar hainbeste aukera eduki ez dituzten jokalariei “ahalik eta minutu gehien” emateko probestu dutela.