Barandika eta Lekerika, Daniako palazioko jauntxoak
Xabi Barandika eta Unai Lekerika jaun eta jabe izan dira Jean Olharan eta Nicolas Etchetoren kontrako finalean. Bikote gernikarrak Daniako Battle at the Palace txapelketa irabazi du, 21-12 amaituta.
Xabi Barandikak eta Unai Lekerikak Daniako Battle at the Palace txapelketa irabazi dute, Jean Olharan eta Nicolas Etchetoren kontrako atzoko finalean gailendu ostean. Horrenbestez, bi bikote hautagaiak finalera iritsi ziren, eta gernikarrek beren nagusitasuna erakutsi zuten. Jai Alai Winter Seriesetik kaleratuta geratu eta hilabete eta erdira, Lekerikak eta Barandikak sasoi puntu oso onean daudela erakutsi zuten. Daniako Battle at the Palace torneoan, Lekerika eta Barandika eta Lekerika modu oso sendoan iritsi zen domekako finalera: ordura arteko partiduak irabazita.
Partidua oso estu hasi zen, hamaikagarren tantora arte. Markagailuak Olharan pautarraren eta Etcheto bidartarraren alde 10-11koa erakusten zuenean, Olharanek boteprontoz erantzun zion Lekerikaren eskumakada bati, eta pilotak ezker oinbularrean jo zion. Beraz, Pauko aurrelaria 11-11koagaz aldagelara joan behar izan zen. Pilotalekura bueltatu zenean, finalak besteko kolorea hartu zuen: Olharanek eta Etchetok tanto bakarra egin ahal izan zuten, aurrelariak mugikortasuna mugatzen zion arazoak zituelako oinean. 21-12 amaitu zuten, sentipen gazi-gozoz.
Gernika-Lumoko Jai Alai Winter Seriesen kontrakoa pasatu zen: Olharan eta Etcheto izan ziren Barandika eta Lekerika jokoz kanpo laga zituztenak. Daniako Battle at the Palace txapelketari dagokionez, bai edukiera, bai jarraipen aldetik lehiaketa “oso ederra” izan dela adierazi dute Jai Alaitik, eta azpimarratu dute jokoa eta pilotariak eurak izan direla protagonistak, eta ez apustuak.