Bermeotarrek uste dute Bermeo bizitzeko toki "erosoa eta segurua" dela
Herritarren kezka "garrantzitsuenak" honakoak izan dira: aparkalekuen beharra, langabezia eta garbitasuna.
Bermeoko Udalarentzat Gizakerrek egin duen inkestan ondorioztatu daitekeenez, bermeotarrentzat herria bizitzeko toki “erosoa eta segurua” da; 10etik 8,05eko puntuazioa jarri diote. Herritarren kezka “garrantzitsuenak” honakoak izan dira: aparkalekuen beharra, langabezia eta garbitasuna.
Agintaldiko bigarren inkesta dela azaldu dute; izan ere, agintaldiaren hasieran udal gobernuak aldizka inkestak egiteko konpromisoa hartu zuen, “zerbitzuen efizientzia neurtu eta herritarren beharrizanak zeintzuk diren lehen eskutik ezagutzeko”. Horretatik atera dituzten ondorioek, udal gobernuak etorkizunean jarraitu beharreko bidea markatzen dutela adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.
Azken bi urteetan, COVID-19agatik, herriko politikak zeharo baldintzatuta egon direla esan dute. Hala ere, inkestetan ondorioztatu dute, herritarrek ez dutela pertzepzio negatiborik nabaritu herriaren garapenari dagokionez. Biztanleria nahiko baikor agertzen da udalerriaren etorkizunari begira (% 55,8) eta % 36,5 ezkorrak dira. “Azken urtean abian jarritakoetatik nabarmentzekoa da saihesbidearen sarrera berria (10etik 8,21eko puntuazioa lortu du), ondoren, ekintzaileei laguntzeko eta Alde Zaharra dinamizatzeko Lokalbide programa (10etik 7,5) eta, azkenik, txirrinduak garbitzeko eta mantentzeko eremu berriak egitea (10etik 7,29). Gainerako ekimenek ere aise gainditzen dute 5eko puntuazioa”, diote.
Etorkizunerako proiektuak aipatuta, Lamerako komun publikoa eta ikastetxe publikoko jolaslekuak erabilera publikorako egokitzea dira errepikatuenak. Diotenez, aipagarriak ere badira, Martin Deunan aire zabaleko kirolerako eremu berri bat egiteko proiektua eta Tonpoia naturgune modura berreskuratzea.
Herritarren iritziz, gobernu taldearen lehentasuna garbiketa lanak indartzea izan beharko litzateke, ondoren aparkalekuak eta, azkenik, espaloien, kaleen eta instalazioen mantentze lanak egitea.
Udal zerbitzuek 5etik gorako nota daukatela azaldu dute, honakoek dituzte notarik hoberenak: Bermibus (7,64), Berhaz (7,57) eta Zaharren Udal Egoitza (7,42).
Udal ordezkariak. Udala eta udal ordezkariak baloratzeko aukera ere eduki dute herritarrek Gizakerrek egindako inkestaren bitartez. Udalari 5,62 eman diote eta egungo udal ordezkariek 5,73 jaso dute.
Udalean ordezkatuta dauden hiru alderdiek gainditu egiten dute: Guzanek 5,87, EH Bilduk 5,56 eta EAJk 5,49. Bermeotarren ustez EAJ (%23,3) da herriko interesak hobeto defendatzen dituen alderdia; atzetik daude Guzan (%15) eta EH Bildu (%12,5).
Hurrengo udal hauteskundeei buruz ere aritu dira; inkestatuen %25,8k adierazi du EAJk irabaztea gura luketela; gero EH Bildu (%16,5) eta, ondoren, Guzan (%12).